Tolosaldeko EAJk 'Gure selekzioen etorkizuna' solasaldia antolatu du Amezketan

Gorka Iturriaga izango da hizlaria. 

Hitzaldi-solasaldia azaroaren 10ean izango da, 19:00etan, kultur etxean. Hizlaria Gorka Iturriaga izango da, Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaria. 

Tolosaldeko EAJk Gure selekzioen etorkizuna hitzaldi-solasaldia antolatu du. Amezketako Pernando Amezketarra Kultur Etxean izango da asteartean, hilak 10, 19:00etan. Hizlaria Gorka Iturriaga izango da, Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaria, hain justu Euskal Pilotako Munduko Txapelketan Eusko Jaurlaritzaren ordezkari bezala egon dena. 

Izan ere, hitzaldia Buenos Airesen jokatutako Euskal Pilotako XX. Munduko Txapelketa amaitu eta aste gutxira egingo da. Bertan, euskal selekzioak lehen aldiz parte hartu du ofizialki nazio selekzio gisa maila absolutuko munduko txapelketa batean. Euskadik parte hartzeaz gain, 11 domina eskuratu ditu: zazpi urrezko, lau zilarrezko eta brontzezko bat.

Hitzaldi honekin, EAJk joan den udaberrian abiatutako ekitaldien zikloari jarraipena emango dio. Gipuzkoako herri txikietan garatu nahi du ziklo hori, eta orain arte, hainbat gairi buruzko hitzaldi-solasaldiak egin ditu Ibarran, Berastegin, Ikaztegietan eta Larraulen. «Kirola norbanakoaren eta gizartearen bizitzaren funtsezko alderdia da, eta sustrai sakonak ditu Euskadin eta, bereziki, Tolosaldean. Kirola eta jarduera fisikoa funtsezkoak dira osasunerako, ekonomiarako, gizartearen garapen positiborako eta gizarte eta nazio kohesiorako. EAJk kirolaren kudeaketa jasangarriaren alde egiten du, hiru lehentasunekin: osasunaren, prestakuntzaren eta egokitzapenaren mailak hobetzea, erakundeen arteko koordinazioa sendotzea eta kirol-subiranotasunean aurrera egitea», azaldu du.


Euskadin 4.300 kirol erakunde eta klub baino gehiago daudela gehitu du, «euskal eta lurralde mailako 196 federazio, BPGaren % 3 inguruko ekarpen zuzena, eta eskola kirolean nahiz kirol federatuan euskal gizartearen % 10etik gorako parte-hartzea». Horrez gain, 244.000 kirol lizentzia, aitortutako 267 kirol diziplina, urtero nazioarteko 50 lehiaketa edo kirol ekitaldi inguru eta kirolari lotutako instalazio eta zerbitzu ugari daudela ere nabarmendu du. «Testuinguru orokor horretan, nazioartean ordezkatuko gaituzten euskal kirol selekzioak izatea babes sozial oso zabala duen nahia da. Ezagunak dira pilotan, sokatiran edo surfean dagoeneko gertatzen dena gainerako kirol-diziplinetara zabaltzea eragozten duten oztopoak eta betoak. «Gure selekzioak juridikoki bideraezinak dira» diotenek ahaztu egiten dute nazioarteko erakundeek ez dituztela estatuak afiliatzen, federazioak baizik. Eskoziak, Galesek, Faroe uharteek eta aitortuta dauden gure selekzioek hori frogatzen dute». Hori dela eta, EAJren apustua argia dela esan du: Nazio bat, selekzio bat. 

Azaroaren 10eko hitzaldi-solasaldiak euskal selekzioen aurrekariak, egungo egoera eta etorkizuneko aukerak ezagutzeko parada eskainiko duela gaineratu du EAJk, eta hitzordua aukera ezin hobea izango dela euskal erakundeen diagnostikoa eta estrategia ezagutzeko, baita oraingo eta etorkizuneko alternatibak baloratzeko ere.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!