Urte gutxi daramatza Karlos Xabier Solis lazkaotarrak Amezketan bizitzen, baina bertara joan eta gutxira konturatu zen herriko errepide eta bideak goitibehera jaitsierak egiteko «oso politak» direla. Hala, iazko urrirako, goitibehera jaitsieraren lehen edizioa antolatu zuen, proba modura, udalarekin elkarlanean. Etzi, bigarren aldiz egingo dute, eta Euskal Ligarako eta Espainiako Txapelketarako puntuagarria izango da.
Iazko lehia «arrakastatsua» izan zela nabarmendu du Solisek. «35 lagunek parte hartu zuten –bi, amezketarrak–, eta 200 ikusle zenbatu genituen ibilbidean zehar. Euria egin arren, oso kontentu geratu ginen erantzunarekin. Aurtengorako, badirudi hotza izango dela protagonista eta ez duela euririk egingo».
Lehia arratsaldean izango bada ere, 12:30etik 14:45era bitarte, ibilgailuak egiaztatuko dituzte. «Segurtasun aldetik araudia betetzen dutela ziurtatu behar dugu. Balaztak dira garrantzitsuenak; azterketa pasatzen ez badute, ezinezkoa da lehiatzea». Hiru jaitsiera izango dira: 16:30ean, 17:30ean eta 18:30ean. Ibilgailu guztiek jaitsiera guztietan parte hartuko dute.
Ibilgailuaren pisuaren, neurrien edo egituren arabera, zenbait kategoria daude: Pneumatika (bakarka eta taldeka), Europarra (C4, C8 eta C10), Drift Trike (hiru gurpilekoak), errodamendukoak (betikoak, klasikoak), kart-ak (juniorrak eta seniorrak), Gravity Bike (moldatutako bizikletak, katerik gabekoak), egurrezkoak, uretano (patinak, skate-ak...) eta kategoria librea (balazta duen edozein tramankulu). Iaz, Europar kategoriako bi pilotuk egin zuten ibilbidea hiru minutu azpitik, eta biek lortu zuten 100 kilometro orduko abiadura gainditzea; Solis izan zen horietako bat.
Izen handiko bi pilotu
Aurten, 58 taldetako 68 pilotu eta kopilotuk –hiru, amezketarrak– parte hartuko dute larunbateko jaitsieran, eta horien artean, izen handiko bi pilotu izango dira: bederatzi aldiz Espainiako txapeldun izan den Christian Marugan asturiarra eta bitan Espainiako txapeldunorde izan den Manuel Rego galiziarra. «Oso azkarrak diren ibilgailu berriak ekarriko dituzte, eta euria egiten ez badu, litekeena da guk iaz ezarritako marka gainditzea. Iaz, Christianek 125 kilometro orduko abiadura hartu zuen proba batean», adierazi du Solisek.
Hasi berri batentzat, kirol «oso ekonomikoa» dela esan du lazkaotarrak: «Motorrik ez duen eta gurpilak eta balazta dituen edozein ibilgailuk parte hartu dezake. Hortaz, edonork lortu dezake halako bat. Segurtasuna mantentzea da zailena». Abiadura handia hartzen dute, eta ziztu bizian igarotzen dira bihurguneetatik; «ikusteko oso erakargarria da», gaineratu du.
Euskal Herriko luzeena
Euskal Herrian dagoen zirkuitu edo ibilbide luzeena da Amezketakoa; 2,6 kilometroko luzera du. «Azkarra eta polita da», esan du lazkaotarrak. Borda Txuri etxean izango da irteera; helmuga, berriz, Sasturain tabernaren parean. Tartean, San Martingo ermita paretik eta eliza ondotik igaroko dira ibilgailuak. «Eliza parean izango da punturik beroena eta ikusgarriena».
Aurten, Euskal Herriko Inertzia Kirolen Federazioaren zirkuituko bi proba bakarrik izango dira Gipuzkoan: Idiazabalen egin zuten zirkuituko lehena; Amezketakoa, berriz, azkena izango da. Gainerako zortziak Bizkaian izan dira. «Pena da, lehen Gipuzkoan lasterketa oso politak izaten zirelako; gaur egun, ez dira antolatzen». Horietako bi Alegian eta Tolosan egiten ziren. Hori dela eta, azken urteetan, Bizkaira, Asturiasera eta Galiziara joan behar izan du lehiatzera lazkaotarrak. Datorren urtera begira, Gipuzkoako zenbait udalekin harremanetan da, lurraldean lasterketa gehiago antolatzeko asmoa baitu. «Garai bateko tradizioa berreskuratu nahi dut».
Bertakoa, saritan
Solisek aitortu du Amezketan goitibehera jaitsiera antolatzea «konplexua» dela. «Herri txikia gara, eta ekitaldi ugari izaten dira urtean zehar. Hori dela eta, oso zaila da boluntarioak lortzea», nabarmendu du. Aurten, herriko boluntarioez gain, hamabi boluntario helduko dira kanpotik, lehiaketa aurrera eramaten laguntzeko: sei Bizkaitik, eta bina Madrildik, Asturiastik eta Galiziatik. Era berean, nabarmendu du iaz udalak eta bertako enpresek «laguntza handia» eman ziotela, eta erraza izan zela ekitaldia bideratzea. Gainera, aurten ere, bertako ekoizleen produktuak emango dituzte saritan.