Larunbatean ospatuko dute mondejuaren eta ardoaren zita

Aitor Arroyo Askarai

Iazko Mondeju & Ardo Azokaren une bat, Amezketako plazan. R. CALVO

Laugarren edizioa izango du Amezketako Mondeju & Ardo Azokak. Aurten zazpi postutako mondejuak eta sei upategitako edariak dastatzeko aukera izango da.

Aurten ere ez du hutsik egingo Amezketaren eta mondejuaren arteko hitzorduak. Larunbatean, hilaren 10ean, egingo dute Mondeju&Ardo Azoka, beste urte batez, Mondejua ta Amezketa, zaletasuna baino+ lelopean. Laugarren edizioa izango du, eta bederatzi mondeju eta sei ardo dastatzeko postuak jarriko dituzte. Protagonista nagusiak horiek izango badira ere, zabalagoa izango da larunbateko eskaintza.

Egitaraua 10:00etan hasiko dute, dultzaineroak kalejira egingo baitute ordu horretan hasita. Horren ondotik, 10:30ean hasiko dute Joseba Erasoren omenezko artzain txakurren erakustaldia, Jauregi Handiko zelaian. Amezketako Mikel Arteaga alkateak adierazi du urtero haren familiarekin elkarlanean antolatzen dutela, eta hitzorduaren arrakasta nabarmendu du: «Ardiarekin lotuta dagoenez mondejua, egokia iruditzen zaigu ekitaldia egun horretan antolatzea. Urtero familiarekin elkarlanean antolatzen dugu, eta jendeak oso harrera ona egin dio beti». 

Azokan pintxoak eta edaria dastatzeko txartelak saltzen 11:30ean hasiko dira, eta ordu berean zabalduko dute haurrentzako txokoa: plazaren ondoko eremuan askotariko jolasak izango dituzte, eta 13:30era arte egongo da zabalik. Ordu horretan izango da aurtengo azokako nobedadeetako bat, hain zuzen, Amezketako Erraldoien kalejira. Izatez, festetarako prestatu zituzten erraldoiak, baina orduan denboraz «estu samar» izan zirela kontatu du Arteagak: «Herriko festetan aurkeztu genituen, baina denboraz justu ibili ginen eta erraldoiekin dantza egin behar zutenek ere denbora gutxi izan zuten prestatzeko. Orain denbora izan dute hobeto prestatzeko, eta larunbatean ateratzea aukera polita iruditu zaigu». Postuak 12:00etan zabalduko dituzte eta mondeju pintxoak zein ardoak dastatzeko eskaintzaz gain, ardi-gisatua eta gazta jateko aukera izango da aurten ere.

Jatekoa eta edatekoa

Azokan aurten, guztira, zazpi mondeju egilek eta sei upategik hartuko dute parte. Ardi hestebeteen postuak jarriko dituzte norbanakoek, baserriek eta jatetxeek, hain zuzen, Beartzana Jatetxeak, Loidi baserriak, Mari Jose Muruak, Olatz Balerdik, Roxi Goñik, Ttiri Gorostidi eta Joxe Mari Amundarainek, eta Xatur Zabalak. Eta mondejuez gain, aurrez aipatu bezala, gisatua eskainiko dute Larraitz Zubeldiak eta Oteiza baserriak, eta gazta, berriz, Oteiza Goikoa gaztandegiak. 

Hori jatekoari dagokionez, eta edateko, berriz, herritarrek aukeran izango dituzte, batetik, Arabako Errioxako edariak, horien artean, El Mozo Wines upategiko Herrigoia ardoa, Hontza upategiko Too Mahats eta Hasta que cante el cuco ardoak, eta Gil Berzal upategiko Tradición ardoa; horrez gain, hainbat upategitako txakolinak izango dituzte, eta Goierriko Urbitarte etxeko sagardoa ere egongo da aukeran. 

Askotariko planak

Mikel Arteaga alkateak adierazi duenez, «batik bat» bi plan mota identifikatu dituzte: «Azokaren eskaintzaren barruan bi plan ezberdintzen dira: batzuk goizean etortzen dira, pintxo pare bat jan eta bazkaltzera etxera joaten dira. Eta beste batzuk, berriz, mondeju pintxoez gain gisatua eta gazta ere jaten dituzte, eta horrela bazkaldu eta egunpasa egiten dute. Helduok gustura aritzen gara hizketan eta pintxoak dastatzen, eta haurrentzako eskaintza jartzeak erraztu egiten du dena».

Hain zuzen horri lotuta, iaz hasi ziren pintxoez gain kafea eta pastak banatzen «otordua eta plana borobiltzeko», eta aurten ere mantenduko dute eskaintza. Zentzu horretan, ekimenari tamaina hartu diotela ere gehitu du Arteagak: «Urtez urte arrakasta izaten duen hitzordua da, eta pozgarria da jendea jaki tradizionalen inguruan biltzen dela ikustea. Eskerrak eman behar dizkiegu, era berean, tradizioa mantentzeko lanean aritzen direnei». Eta, ildo beretik, larunbatean Amezketara bertarako gonbidapena ere luzatu du: «Egun ederra izaten da, eta proposamen polita da bertakoentzat zein kanpotik gerturatzen direnentzat ere. Ea aurten ere beste urteetan bezain ondo ateratzen den». 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!