Amezketako haur eskolak edukiera bikoitza izango du aurrerantzean. Orain arte 0-2 urte arteko hamar haurrentzat zuten lekua eta, handitu ondoren, 0-1 urteko zortzi haurrentzat eta 1-2 urteko hamahiru haurrentzat izango dute lekua, hots, guztira, 21 haurrentzako lekua izango dute.
Amezketan 2025ean jaiotza tasa altua izan zutela azaldu du herriko udalak, eta horrek hausnartzera bultzatu zituela: «Datuen aurrean etorkizunera begiratu eta herriko familien beharrei nola erantzun aztertzen hasi ginen. Hausnarketa horretan argi ikusi genuen haur eskolaren espazioa handitzeko beharra zegoela». Hori horrela, haur eskolari ondoko lokala gehitu diote, eta egokitzeko obrak amaitu dituzte dagoeneko.
Lan eta izapide guztiak egin ondoren, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak baimena eman dio Amezketako haur eskolaren espazio eta antolaketa berriari, eta ikasturte honetatik aurrera 0-1 urteko zortzi postuko unitate bat eta 1-2 urteko 13 postuko beste unitate bat izango dituzte: guztira, 21 leku.
Beharrei erantzuteko
«Herriko haur eskolaren edukiera bikoitza baino gehiago handituko da, eta Amezketako familiek plaza gehiago izango dituzte eskuragarri», horrela hitz egin dute Amezketako Udaletik edukiera handitzearen inguruan, eta gaineratu dute «beharrezkoa» zela konponbidea: «Udaletik argi genuen: 2025eko jaiotza-tasa altuak erakutsi zigun behar bat bazegoela, eta behar horri konponbidea ematea tokatzen zitzaigun. Horregatik egin dugu inbertsioa, horregatik egin ditugu obrak, eta horregatik egin ditugu beharrezko izapide guztiak».
Halaber, hari berari tiraka azaldu dute Amezketako Udaletik «familien beharrei erantzutea» izan dela ekimenaren helburua: «Herrian behar bat antzeman, konponbidea bilatu eta gauzatu; hori da egin duguna. Amezketako familien beharrei erantzuten jarraituko dugu, herrian bizi, hazi eta etorkizuna eraikitzeko baldintza hobeak sortuz».
Beste zenbait berritasun
Haur eskolako espazioa eta edukiera handitzeaz gain, azken asteetan hainbat mantentze eta hobetze lan egin dituzte Amezketako zenbait eremutan. Amezketako Udaletik azaldu dute egunerokoan erabiltzen dituzten espazioak «egoera hobean» mantentzeko eta «herritarren beharrei erantzuteko» egin dituztela lanak: «Lan horien bidez herriko espazio publikoen eta udal eraikinen mantentzea eta hobekuntza bultzatu nahi izan da, herritarrek egunero erabiltzen dituzten guneak atseginagoak zein seguruagoak izan daitezen, eta egoera hobean egon daitezen».
Aipatutako epean, esate baterako, zenbait espaloi konpondu dituzte, eta asfalto inprimatua erabili dute oinezkoen «ibilbideak hobetzeko eta irisgarritasuna hobetzeko». Lanerako lerro beretik, Beltzaren plazako kirol eremuko zoruan hainbat konponketa egin dituzte, eta kirolerako zelaiaren mantentze-lanak ere gauzatu dituzte, helburu izanik instalazioak «erabiltzeko baldintza egokietan» mantentzea.
Hari berari tiraka, haur eskolako espazioa handitzetik harago, zenbait hobekuntza ere egin dituzte, hain zuzen, zorua berritu eta material bereko frisoa jarri dute, instalazioen egoera hobetzeko eta hezetasunak sortutako arazoei irtenbidea emateko. Horrekin batera, Zumadi eskolaren atzealdean parke berri bat prestatu dute, haurrek eta familiek aisialdirako gune berri bat izan dezaten. Eta, bestalde, mediku etxeko leihoak ere aldatu dituzte, eraikinaren egoera eta erosotasuna hobetzeko.