Liztorrekin adi ibiltzeko eskatu die Amezketako Udalak herritarrei

Tolosaldeko Ataria

Liztor asiarraren aurkako tranpa baten artxibo irudia. ATARIA

Amezketako lurretan aurten liztor beltzaren hamalau habia eta Europako liztortzarraren beste lau habia desaktibatu dituzte dagoeneko. Herritarrek habiaren bat ikusiko balute Amezketako Udalari jakinarazteko eskatu dute.

Amezketako Udalak herritarrei eskatu die «adi ibiltzeko» liztor asiarrarekin (Vespa velutina) eta Europako liztortzarrarekin (Vespa crabro). Udaletik adierazi dutenez, aurten, momentuz, liztor asiarraren hamalau habia eta liztortzarraren beste lau habia desaktibatu dituzte. Habiaren bat ikusiz gero udaletxera jotzeko eskatu diete herritarrei: «Zuhaitzak dagoeneko hostoak galtzen ari dira, eta horrek liztorren habiak bistaratzen hastea ekarri du. Intsektuak negurako prestatzen ari dira: hurrengo udaberrian esnatuko diren erreginak sortzen hasi dira. Beraz, berriro oso garai egokia da liztor asiar inbaditzailearen aurka gogor egiteko».

Liztor asiarraren aurkako ekimenei «oihartzun handiagoa» ematen ari da Amezketako Udala aurten: «Herriko erlezain batzuk eskatuta hasi ginen, eta udaberrian jarritako tranpek emaitza ikusgarriak eman bazituzten ere, adituen arabera asko ugaritu da liztorra». Espezie inbaditzailea ez bada ere, Europako liztortzarra arriskutsua izan daiteke gizakientzat: «Bertakoa izanagatik asko ugaritu da, eta bere habien presentzia gero eta gertuago daukagu gizakion bizilekuetatik, bideetatik eta topalekuetatik.  Hainbat herritarrek susto handiak izan dituzte liztor asiarrarekin eta liztortzarrarekin. Ez da txantxetan ibili behar!».

Hori dela eta, herritarrei dei egin diete habiaren bat ikusiz gero Amezketako Udalarekin harremanetan jartzeko: «Ikusten diren habien berri udaletxean eman behar dute herritarrek. Udalak protokolo bat du horiek erregistratzeko eta desaktibatzeko. Beste behin, herritarren lankidetza beharrezkoa izango da eraginkortasuna lortzeko».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!