Azaroaren 8an bertako produktuen erakusketa eta azoka berezia egingo ditu Amezketako Udalak. Postua jarri nahiko dutenek zabalik dute izena emateko aukera, eta urriaren 30a izango da horretarako azken eguna.
Udaletik iragarri dute aurreko urteetan bezala lehentasuna izango dutela lehen sektoreko elikagaiek eta artisauen produktuek zein tresnek.
Izena emateko baldintzak
Postua jarri nahi dutenek udalaren webean dagoen eskaera orri orokorra bete beharko dute euren burua identifikatuz, salgai zer jarriko duten zehaztuz eta argindarra behar duten edo ez adieraziz. Horrez gain, udaletik nabarmendu dute euskaraz izan beharko dutela postuetako errotuluek eta publizitate adierazpenek; eta, elebitan izanez gero, euskara lehenetsi beharko dela.
Postu gehiegi aurkeztuz gero, azokan parte hartzeko lehen sektoreko ekoizleak eta orain arte parte hartu ez dutenak lehenetsiko dituzte. Informazio gehiago jasotzeko Amezketako Udalera jotzeko ere aurreratu dute.