Urriaren 10ean ospatuko dute Mondeju Eguna Amezketan

Tolosaldeko Ataria

Iazko Mondeju Egunaren une bat, Amezketako plazan. R. CALVO

Bertan postua jarri nahi dutenek ostirala —hilaren 18a— baino lehen eman beharko dute izena udaletxean. Aurtengoa laugarren edizioa izango du ekimenak. 

Laugarrenez ospatuko dute Amezketan Mondejuaren Eguna. Aurten urriko bigarren larunbatean, hilaren 10ean, egingo dute eta aurreko urteetako leloa mantenduko dute: Mondejua eta Amezketa, zaletasuna baino+. 

Aurreko edizioetan bezala, aurten ere mondeju postuak prestatu nahi ditu Amezketako Udalak: «Aurrekoan bezala, etxean mondejuen tradizioa mantendu dutenei beraien mondejuekin postua jartzeko aukera emango zaie». Bertan parte hartu nahi dutenek ostirala —irailaren 18a— baino lehen jo beharko dute udaletxera. Iaz, esate baterako, bederatzi mondeju postu izan zituen azokak. 

Arrakastaren bidea

Aipatu bezala, laugarren aldiz egingo dute azoka eta «egunaren arrakasta» nabarmendu dute udaletik: «Lehenengo bi edizioak, eskualdean turismo jasangarria sustatzeko Tolosaldea Garatzenek Europako Next Generation funtsetatik lortutako diru laguntzarekin antolatu ziren; baina, egunaren arrakasta ikusita, urtero jarraipena ematea erabaki zen».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!