Joan den ikasturteko euskara klaseak diruz lagunduko ditu Amezketako Udalak: «Euskara ikasi nahi duten herritarrei diruz laguntzen zaie, eta azkenengo urteetan ohitura izan da udalak zuzenean euskaltegiei matrikula ordaintzea». Udaletik adierazi dute laguntzaren oinarriak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zirela 2023ko abenduaren 4an, zehazki, 233. zenbakian, eta bertan jasotzen direla laguntza jasotzeko baldintzak.
Oinarrietan jasotzen denaren arabera, diru laguntza jasotzeko hainbat baldintza bete behar dituzte amezketarrak, horien artean, 18 urte edo gehiago izatea matrikularen datan, HABEk onetsitako zentro batean matrikulatuta egotea, gutxienez % 75eko asistentzia-maila izatea A1, A2, B1, B2 mailetan eta % 80koa C1 mailan, diru laguntzen onuradun izateko debeku-kausarik ez izatea eta egunean izatea zerga-betebeharrak Gizarte Segurantzarekin eta Amezketako Udalarekin.
Mailaren arabera, ezberdina da ikasleek jaso dezaketen gehienezko diru kopurua, hain zuzen, A1, A2, B1, B2 mailetan matrikularen % 100 finantzatu ahal izango dute, eta, gehienez, 900 euro jasoko ditu ikasle bakoitzak; C1 mailan, matrikularen % 80 finantzatu eta, gehienez, 500 euro jasoko dituzte; eta C2 mailan, berriz, ez da laguntzarik izango, eta ez dituzte finantzatuko barnetegi bateko egonaldien gastuak ere.
Urtero, udazkenean
Udaletik adierazi dute urtero udazkenean zabalduko dutela eskaerak egiteko aukera: «Udalak onartutako sistemaren arabera, urtero udazkenaren hasieran epe bat zabalduko da herritarrek eskaera egiteko aurreko ikasturteko matrikulazio gastuak diruz laguntzeko. Horrela, ikastaroaren aprobetxamendua eta presentzia zehaztuta, diru laguntza azkartasunarekin kudeatu ahal izango da».
Eta hari berari tiraka gaineratu dute udaletik euskararen alde lanean jarraituko dutela:«Amezketa herri euskalduna izaten jarraitzea amezketar guztien ardura da, dakitenek erabiltzea eta ez dakitenek ikastea, gero erabili ahal izateko, baina era berean, euskaraz dakitenen ardura da ez dakitenei eta ikasten ari direnei ere bultzadatxo bat ematea, eta pazientziarekin eta modu errazean, tabernan, dendan, plazan… Euskaraz ere zuzentzea, ikasten ari direnak animatuz eta bultzatuz».