Amezketako Udalak euskara ikastera sustatu nahi du herrian. Eskualdeko euskaltegiekin batera euskara ikastaroak sustatu ditu, eta herrian taldeak sortzeko nahia ere azaldu du udalak: «Udalaren nahia da klaseak jasotzeko taldeak osatzea Amezketan, klase horiek herrian bertan eman ahal izateko, baina horrela izango ez balitz, euskara ikasi nahi duten amezketarrek aukera izango dute euskaltegi batean edo bestean izena emateko, ondoen datorkien ordutegian eta ikasketa modalitatean».
Hari berari tiraka, gogorarazi du irailaren 18a dela azken eguna izena emateko eskualdeko AEKren euskaltegietan zein Tolosako Aitzol udal euskaltegian. Halaber gehitu dute informazio gehiago nahi izanez gero herritarrak udaletxera jo edo 943 65 31 89 zenbakira dei dezaketela, eta ildo beretik aipatu ditu Aitzol euskaltegiko 943 65 10 06 eta Andoaingo AEKren 943 59 17 04 eta 688 74 66 43 telefono zenbakiak.
Amezketa herri euskalduna izaten jarraitzea «amezketar guztien» ardura dela ere nabarmendu dute udaletik: «Dakitenek erabiltzea eta ez dakitenek ikastea, gero erabili ahal izateko; baina, era berean, euskaraz dakitenen ardura da ez dakitenei eta ikasten ari direnei ere bultzadatxo bat ematea, eta pazientziarekin eta modu errazean, tabernan, dendan, plazan… Euskaraz ere zuzentzea, ikasten ari direnak animatuz eta bultzatuz».