Hainbat mantentze eta hirigintza lan egin dituzte azken asteetan

Jauregiko eremuan egokitu duten behin-behineko aparkalekua. AMEZKETAKO UDALA

Aparkaleku bat egokitu dute Jauregiko eremuan eta zorua berritzen hasi dira Bartolome Deuna kalean. Bestalde, ingurua sasiz garbitzeko urteroko lanak ere egin dituzte Larrondon.

Abuztua, urteko zortzigarren hilabetea —orokorrean— opor garaia izaten da, eta herriko festak ospatu badituzte ere, Amezketan izan dute tarterik hainbat lan egiteko. Hirigintzaren arloari lotuta, martxan jarri dute behin-behinean Jauregiko eremuko aparkaleku berria, eta Bartolome Deuna kalean aste honetan hasi dituzte zorua konpontzeko lanak. Bestalde, urtero egiten duten bezala, Larrondoko eremua sasiz garbitzeko lanak ere gauzatu dituzte. 

Aipatu bezala, aste honetan hasi dira lanean Bartolome Deuna kaleko 7. eta 9. etxeen aurrealdeko lurra berritzeko. Eremu horretako zorua hondatuta zegoela-eta, lehendik hautsita zeuden harriak kenduko dituzte lehenengo, eta asfalto inprimatuarekin berrituko dute segidan. Amezketako Udaletik ohartarazi dute inguru horretan herritarrek ezingo dutela aparkatu lanek irauten duten bitartean: «Herritar guztien onerako lanak dira eta pazientziaz jokatzea zein langileei kasu egitea eskatzen dugu».

Jauregiko aparkalekua

Joan den apirilean onartu zuen Amezketako Udalak Jauregiko eremuaren plan partziala, eta abuztuaren erdialdetik dago erabilgarri eremu horretan behin-behineko aparkalekua. Aparkaleku berri horretan 20 eta 25 ibilgailu inguru kabitzen dira, eta inguruan dagoen «aparkalekuen falta arintzeko» eta herritarren «eguneroko beharrei erantzuteko» prestatu du Amezketako Udalak. Hasieran seinaleztatzea falta bazen ere, herritarrak hasi dira behin-behineko aparkalekua erabiltzen. 

Amezketako Udalak onartutako plan partzialak Jauregiko eremuan 78 etxebizitza eraikitzea aurreikusten du. Azaldu dutenez, horietatik, libreak izango lirateke 30; udal etxebizitza tasatuak 21; eta beste 15 babes sozialerako etxebizitzak. Horrekin batera, beste hainbat eremu ere egokituko dituzte, hain zuzen, 199 aparkaleku egingo dituzte —horietatik pribatuak izango dira 133 eta, publikoak, 66—; bizikletentzako bidea eta oinezkoentzat «espazio zabalagoak» jarriko dituzte; 86 zuhaitz mantendu edo landatuko dituzte; eta 6.300 metro karratuko eremu bat jasoko dute berdegune eta espazio libre izateko. 

Larrondo garbitzeko lanak

Joan den hilabetean Larrondoko eremua sasiz garbitzeko lanak ere egin ditu Amezketako Udalak. Jarduera horren helburua larre publikoak zaintzea eta hobetzea da: «Lan horien bitartez balioa ematen zaio paisaiari, eta mesede egiten die inguruko baserritarrei ere».

Urtero egiten dituzte lan horiek, eta udaletik nabarmendu dute horiei esker mantentzen direla larreak «egoera onean»: «Horrek abeltzaintzarako baliagarri izaten jarraitzea ahalbidetzen du eta, aldi berean, ingurunea zaintzen eta eremuaren itxura atseginagoa lortzen laguntzen dute, baso zuhaixka, sastraka eta larre eremuen arteko oreka bermatzen baita». Amezketako Udaletik gogorarazi dute «konpromiso sendoa» dutela herriko landa eremua «behar bezala» mantentzeko: «Helburu bikoitza dute lan horiek, batetik, bertako nekazaritza jarduera babestea; eta, bestetik, herritar guztientzat ingurune zaindua bermatzea».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!