Amezketako Udalak iragarri du amaitu dituela azken asteetan egiten aritu diren baserri bideen bazterrak garbitzeko lanak. Udalaren enkarguz, Zuzbitza baserriak egin ditu lanak, eta herriko baserri bide nagusietan aritu dira landaredia kentzen eta bazterrak txukuntzen. Urtero bezala, bideen «ikusgarritasuna eta segurtasuna» hobetzea izan da lan horien helburua.
Bestalde, datozen asteetan Ugarte auzoko pilotalekuan hainbat «hobekuntza lan» egingo dituztela ere adierazi du Amezketako Udalak. Azaldu dutenez, zehazki, teilatuaren azpian dagoen estaldura berrituko dute eta, era berean, pilotak frontoitik kanpora joatea saihesteko balio duen sarea ere berrituko dute.
Obra horiek Teilatugain enpresari esleitu dizkio udalak, eta helburua da mantenu lanak eguneratzea eta «erabiltzaileentzako segurtasuna eta instalazioen funtzionaltasuna» hobetzea. Lanek eragin ditzaketen eragozpenen aurrean «herritarren ulermena eskertu» du Amezketako Udalak.
