Piano errezitala emango du Alaitz Artolak ostiralean

Ataria 2026ko ekainaren 9a

Alaitz Artola abesten eta pianoa jotzen; artxiboko irudia. ATARIA

Pernando Amezketarra kultur etxean izango da emanaldia, 19:00etan. Artolak azken urteetako lana erakutsiko du kontzertuan.

Ekainaren 12an piano errezitala emango du Alaitz Artola musikariak, 19:00etan, Amezketako Pernando Amezketarra kultur etxean. Emanaldiak bi zati izango ditu: batetik, Johannes Brahmsen Seis piezas para piano, Op. 118 eta Robert Schumannen Widmung piezaren transkripzioa joko ditu. Amaitzeko, ​​​​​​​Modest Mussorgskyren Cuadros de una exposición interpretatuko du.

Antolatzaileen arabera, kontzertua ez da «ohiko emanaldi bat» izango, Artolak amaitzear duen piano interpretazioko masterraren azken proba akademikoa delako, eta azken urteotan egindako «lanaren erakusgarri» izango delako.

Artolak Musikenen garatu du musika ibilbidea, non Piano Interpretazioko gradua egin zuen Marta Zabaleta irakaslearekin. Ondoren, graduondoko ikasketak ere bertan egin zituen, eta kantu akonpainamenduan espezializatu zen Maciej Pikulskirekin .

Geroago, Portora (Portugal) joan zen bere prestakuntza osatzera, eta azken bi urteotan Piano Interpretazioko masterra egin du Miguel Borges Coelhoren gidaritzapean. Aipatu bezala, amaitzear duen master horren azken urratsa izango da ostiraleko errezitala, eta bertan bildu nahi izan du orain arte egindako interpretazio lana eta lan artistikoa.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!