Askotariko konponketak herriko bideetan

Ataria 2026ko ekainaren 2a

Amezketako Udalak zenbait konponketa egin ditu herriko hainbat errepidetan. Zenbait kalte konpontzeaz gain, ubide bat handitu eta harri-lubeta bat egin dute.

Amezketako Udalak hainbat lan egin ditu herriko bideak konpontzeko. Hain zuzen, Elizegi baserrirako bidean eta Arrieta baserrira zein Sagastume zerrategira doan bidean egin ditu konponketa eta mantentze lanak.

Batetik, Elizegirako errepidean bizilagunek ohartarazi zuten ubideko hodia txikiegia zela, eta, ondorioz, euriaren urak bidearen gainetik jaisten zirela [galeriako hirugarren argazkia]. Eremu horretako ubidean hodi handiago bat jarri dute, eta euriak errepidean eragindako kalteak ere konpondu dituzte [galeriako lehen eta bigarren argazkiak].

Bestetik, Arrieta baserrira eta Sagastume zerrategira joateko bidean ere «mantentzeko eta egonkortzeko» lan berriak egin dituzte azken asteetan [laugarren irudia galerian]. Eremu horretan harri-lubeta [gazteleraz, escollera] bat egin dute, errepidearen azpiko lurra hondatuta zegoelako eta bidearen egitura arriskuan jartzen hasita zegoelako [bosgarren argazkia]. Aipatutako lanen bitartez bidea egonkortzeaz gain, erabiltzaileen segurtasuna handitu eta etorkizunean «kalte handiagoak» sortzea saihestu dute.

Amezketako Udaletik nabarmendu dute aipatutako lanen kostuaren erdia finantzatu duela Gipuzkoako Foru Aldundiak, lanak 2025eko ekainaren 14ko uholdeen kalteak konpontzeko diru laguntzetan sartu dituztelako.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!