Amezketako haur eskola handitzen ari dira, jaiotzen kopuruak gora egin duelako eta, udalaren arabera, plazak nahikoa ez izateko aukera legokeelako. Joan den urtean ohikoa baino handiagoa izan zen herriko jaiotzen kopurua, eta aurten jaiotako hainbatek ere zerbitzura jotzea aurreikusten dutenez, haur eskolaren hamar plazak motz gera daitezkeela uste dute.
Egoerari «aurrea hartzeko asmoz» iaz hasi zen Amezketako Udala haur eskola handitzeko izapideak egiten, hain zuzen, elkarlanean aritu da Haurreskolak Partzuergoarekin eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin, eta bi erakundeen oniritzia jaso du handitzeko proiektuak.
Azaldu dutenez, datorren ikasturterako (2026-2027) handitu nahi dute azpiegitura. Horretarako beharrezko lanekin hasi dira, eta «datozen asteetan» amaitzea aurreikusten dute.
Dagoeneko beteta
Aurreikuspenei jarraiki, hain zuzen, dagoeneko hamar familiak eman dute izena irailerako egin duten lehen matrikulazio epean; eta, ondorioz, gaur-gaurkoz beteta daude leku guztiak. Irailean, ordea, gehiago hartzeko gaitasuna izango dutela aurreratu dute udaletik: «Egiten ari diren handitze lanei esker, irailean bertan eta ondorengo hilabeteetan egingo diren matrikulazio berriei erantzuteko adina leku egongo da».