Estu lotuta daude Amezketa, Aralar eta artzaintza; eta, hain zuzen, hirurak bildu ditu Joxe Mari Oterminek (Amezketa, 1948) Aralar, non bizia berritzen den liburuan. Ostegunean Pernando Amezketarra kultur etxean aurkezteaz gain, bertaratzen direnek mokadu bat jateko aukera izango dute, eta Garikoitz Mendizabal txistulariak Artzai kantak eta Birigarroa piezak joko ditu. Dani Sagastume herrikidearekin elkarlanean osatu du liburua Oterminek, eta argitalpenaren zein sortzeko prozesuaren xehetasunak aurreratu ditu.
Zer topatuko du irakurleak?
Liburua, batez ere, Amezketako artzaintzari buruzkoa da. Aralarrek Nafarroako aldea ere badu, eta lotura handia dute ataundarrek zein zaldibiarrek ere. Nik, ordea, fokua Amezketan jarri dut.
Gai estua eta zabala da aldi berean, artzaintza alderdi askotatik hartu dudalako: batzuk betikoak —artzainen historia, transhumantzia...—; baina, baita ere, niri gustatzen zaizkidan gaiak, esate baterako, makila. Makilarekin maiteminduta nago, asko gustatzen zait; eta ez dut uste inoiz makilari atal bat eskaini zaionik.
Gaia, estu bezain zabal.
Zabal hartu dut Amezketari jarritako foku estu hori: gastronomia ere ukitzen da, eta une batean Chillida Lekura ere joaten da... Nahi dudana honakoa izan da: liburua collage bat izatea handik eta hemendik hartutako puskekin. Amezketako historia collage modura egitea, eta argazkiz hornitzea. Aralar, besteak beste, paraje zoragarri bat da eta, zentzu horretan, ezinbestekoa da hori argazkitan jasotzea.
Zein izan zen abiapuntua?
Amezketakoa eta artzain kumea izanik, Aralar beti interesgarria iruditu zait. Asmo horietan nenbilela albiste bat irakurri nuen: 2026a Larre eta Artzaintzaren Nazioarteko urtea izendatu zutela. Nire buruari esan nion aukera polita zela proiektua borobiltzeko.
Erreferentziarik izan al duzu?
Aralar, izatez, artzaintza baino gehiago da, eta badira oso liburu onak. Bat nabarmentzekotan Alfredo Morazaren bat aipatuko nuke, zeinak Aralarko mankomunitatearen historia jasotzen duen. Oso liburu ona da, zoragarria, eta mila bider ikusi dut. Eta gero, baita ere Fermin Leizaolak ateratako besteren bat...
Liburu oso on horietan, ordea, ez nuen Amezketako artzainik ikusten. Nik ezagutu nuen artzaintza izen propioz jantzia eta josia dago. Eta pentsatu nuen merezi zuela saiatzeak, eta artzain haiei izen-abizenak jartzeak.
Elkarlanean aritu zara, ezta?
Amezketako gazte bat izan dut laguntzaile: Dani Sagastume. Izugarrizko laguntza ederra eman dit; oso ondo konpondu gara zahar eta gazte. Bi belaunaldi gara, eta zalantza sortu zitzaidan, baina primeran moldatu gara. Liburua apain baldin badago, neurri handi batean beragatik da, eta luxua izan da.
Zailtasunik topatu al duzu?
Zailtasun bat aipatzekotan... Oso sakabanatuta dagoela informazio guztia; oso sakabanatuta. Alderdi horretatik, ez du balio artxibo batera jo eta bertako sail batean begiratzeak. Batetik eta bestetik, han eta hemen atea jotzea; hori da beharrezkoa. Horrez gain, artzaintza gauza handi bezain apala denez, dokumentuetan ere ez dauka sekulako presentziarik; eta pixka bat lupa hartu eta bazterrak miatu beharrean ibili naiz.
Amezketako udaletxean ikertu dut 1860tik aurrera jaiotako guztien gurasoek euren buruak aditzera nola ematen zituzten: baserritar, tabernari eta artzain. Handik eta hemendik, puskaka egindako liburua dela esango nuke.
Esperientzia pertsonaletik ere ba omen du.
Nik uste liburu guztiek dutela. Artistek esango dute ezetz, ez dagoela euren kontakizunik; baina... Azkenean zu zara gaiak aukeratzen dituena, eta zure puska bat hor dago. Artzain familiakoa naiz, eta nire mundutxoa ere badaukat: gure txabola, ezagutu nituen garai hartako artzainak... Horiek eraman ditut liburura.
Gerora ere, estudiante nintzela-eta, nahiz eta Pirinioetan ibili, oporretako azken zortzi egunak, beti, Aralarren pasatzen nituen. Gogoan ditut zenbait elkarrizketa, zein kontu esaten genituen... Eta aralar kontatzen hasita ezinbestekoa zait kontu horiek ere jasotzea. Orduan, ez dut nire buruaz hitz egiten, baina irakurleak har beza nahiko normaltzat hemengo gauza batzuk —nireak, propioak— azaltzen badira.
Zenbat denboraz aritu zarete lanean?
Zaila da hasiera bat zehaztea, baina urte eta erdiko tartea izan dela esan liteke. Nire puska bat da Aralar, eta erne egon naiz: material bat gordeta banuen...Argazki asko daude, eta horietako batzuk duela hogei urtekoak dira. Baina, esandakoa, urte eta erdiko lana izan da, gutxi gorabehera.
Publiko zehatz bati al dago bideratuta liburua?
Artzaintzari buruzko interesa oso mugatua da gaur egungo gure gizartean. Artzaintzaren gorakada eta puri-purian egotea... Ez dago. Liburua edonorentzat eginda dago neurri handi batean. Begietatik erraz sartzen den liburu bat egiten saiatu gara, eta dibulgazio aldetik edonorentzat egoki izateko intentzioarekin landu dugu.
Artzaintza iraganarekin lotu daiteke akaso. Erronkatzat sentitu duzue hori?
Liburua hein handi batean garai bateko artzaintzari begira eginda dago. Artzaintzaren etorkizuna gaur eguna da, garai batekoaren aldean; mekanizatua eta... Liburuak, beraz, batik bat artzaintza zaharrari begiratzen dio: orain dela hogeita bost urtetik atzeraka hasitako artzaintzari. Gazteek kontatuko dute egunen batean artzaintza berria, eta guri zaharra kontatzea dagokigu, ezagutu genuelako.
Aurkezpenerako aurreikuspenik ba al duzu?
Eguna gaizki aukeratu genuen. Batetik, egokia da hurrengo egunean Aralarko larreak zabalduko direlako; hori ondo pentsatu genuen. Ez ginen ohartu, ordea, zubia datorrela. Etortzen denak, ordea, ondo pasako du eta oroitzapen goxo bat jasoko du.
Amezketar gehienoi azalean pixka-pixka bat harramazka eginez gero, artzain usaina ateratzen zaigu; ia denoi. Artzain sen hori hor dago, eta jendea etorriko dela iruditzen zait.