Apirilaren 25ean egingo dute Jubilatuta bai, baina geldirik ez antzezlana, 17:00etan, Pernando Amezketarra kultur etxean. Elordi jubilatuen elkarteak sortu eta prestatu du antzerki obra, eta elkartearen sorrera du hizpide, besteak beste. Antton Amondarain (Legorreta, 1950) eta Maria Pilar Iturgain (Amezketa, 1956) elkarteko zein antzezlaneko kideak dira, eta bien artean kontatu dute nolakoa izan den prestatzeko prozesua. Antzerkia ikustera joan nahi izanez gero, aurrez izena emateko eskatu diete herritarrei.
Zer topatuko du ikustera joaten denak?
Antton Amondarain: Antzerkiak hiru atal ditu. Lehen atalean bazkaloste bat azaltzen da: elkarrizketa moduko bat hasten da, eta jasotzen da udalaren proposamena jubilatuen elkartea osatzeko. Horrek, era berean, eztabaida sortzen du: batzuk baietz, beste batzuk ezetz... Saltsa.
Maria Pilar Iturgain: Bigarren atala soziedadean irudikatzen dugu, eta musean jokatzen dugun bitartean azalerazten dira berriro eztabaidako puntuak: soziedadea badugula eta zertarako behar dugun elkartea, eta halako gorabehera batzuk. Azkenean, guztiekin bilera bat egitea erabakitzen da.
Amondarain: Eta hirugarren atalean jubilatuok antolatu izan dugun tertulia bat azaltzen da. Askotariko gaiak lantzen dira bertan, eta ikasteko aukera ere ematen du. Bada, antzezlanean ere gai asko azaltzen dira: politika, sexualitatea, familian sor daitezkeen tirabirak... Moderatzaile bat jarri, eta elkarrizketa irudikatzen dugu.
Obra aurkezteko testuan aipatzen duzue edonork ikusteko moduko lana dela.
Amondarain: Haurrei, gazteei, helduei zein adinekoei; denei bideratuta dago. Umoreari lekua eman diogu, jendeak ondo pasa eta barre egin dezan. Sartu ditugu txisteak senar-emateei buruzkoak, sexuaren ingurukoak, familiartekoak...
Iturgain: Denak arinetik jorratzen ditugu, publiko guztientzat egokia izan dadin eta ondo pasa dezaten. Hala ere, gai serioak ere aipatzen dira.
Amondarain: Familiarteko tirabirak, gerra, homosexualitatea... Hainbat gai jendeak ondo pasatzeko, eta, aldi berean, hausnarketa sustatzeko.
Iturgain: Badaude propio hausnarketa islatzen duten zenbait esaldi: «Udaletxean ere badugu horma irudi batean hurrengo mezu hau: herriak eskainiko digu denoi, gu denon artean herriari ematen dioguna». Elkartea sortzearen eztabaidan ateratzen da, eta nabarmentzen dugu biak direla osagarriak.
Aurreikuspenik ba al duzue?
Amondarain: Tarte honetan egindakoaz balorazio positiboa egiten dugu. Aurretik egin dira beste obra batzuk, eta hau berria da. Ez dakigu aurreikusten nolako harrera izango duen... Ikusiko dugu.
Iturgain: Eta kritikak egiten badizkigute ere, onartuko ditugu. Hanka sartzeren bat ere egingo dugu, eta horiek onartzea ere prozesuaren parte izango da.
Nondik sortu zen antzerkia egiteko ideia?
Amondarain: Erretiratuen elkartetik etorri da. Duela bizpahiru urte hemen ez zegoen jubilatuen elkarterik, legez jasota behintzat; jarduna bai, baina ez zuen egitura formalik edo. Udalak erretiratu batzuei eskatu zigun martxan jartzeko. Irteerak eta halakoak egiten ziren lehen ere, baina jauzi kualitatibo bat egin eta antzerkia egitea erabaki genuen.
Iturgain: Jubilatuok ez dugu herrian gertatzen denaren ikusle huts izan nahi. Aktibotasun bat sustatu nahi dugu, herriari zerbait eskaini diezaiokegulako. Eta filosofia horren barruan sortu da jarduna: herriaren martxari gure alea eskaintzeko. Zentzu horretan, jendeak parte hartzeko egokia iruditzen zitzaigun antzerkia.
Zenbat lagunek hartuko duzue parte?
Iturgain: Oholtza gainean hamabi edo hamahiru izango gara, baina, guztira, hogei lagun inguru bildu gara. Azkenean, eszenatoki gaineko lanaz gain argiztatzea, ordenagailuan aritzea, aurkeztea, grabatu ere egingo da...
Amondarain: eta den-denak ere ez gara jubilatuak. Badaude beste rol batzuk ere: alabarena, udalaren moderatzailearena... baina bagara jubilatu batzuk ere. Hartu dugu parte pixkanaka.
Prozesuan zailtasunik topatu al duzue?
Amondarain: Bat aipatzekotan, esango nuke antzerkian parte hartzea herritarrei proposatzen hasi ginenean... Begi onez bai, baina jendeak ez zuen bere burua parte hartzeko moduan ikusten.
Iturgain: Horretan erresistentzia nabaritu dugu, eta normala da. Dena dela, azkenerako bildu dugu jendea, eta gustura gaude emaitzarekin.
Amondarain: Sorpresak ere topatu ditu norberak bere buruarekin. Batek baino gehiagok onartu digu hasieran espero zuena baino hobeto moldatu dela testua ikasten, oholtza gainean...
Iturgain: Jakina, oraindik benetan jendaurrean egitea falta da. Bagaude hor tartean batzuk ikasketa gutxi xamar eginda geratu ginenak, eta erreparoa, errespetua ematen du: «Gai izango ote naiz hori dena buruz ikasteko? Tonu egokia emateko? Jendaurrean aritzeko?».
Amondarain: Tentsio puntu hori, ordea, beharrezkoa ere bada; neurri batean behintzat. Zailtasun horiek topatu ditugu, baina asebeteta geratu gara lanarekin. Amezketan badago halako tradizio moduko bat antzerkiarekin ere: egin genuen bat Espainiako gerrarekin —atal batekin—, eta prest dago beste obra bat ere beste atal bati buruzkoa. Gurea antzerkia dela esatea ausarkeria ere izango da; bada, bai, baina txiki-txikitxoan.
Kultur etxean egingo duzue, ezta?
Amondarain: Hori da, geldirik izango da. Aurreko antzerkia ibiltaria izan zen, nahiz eta dena eraikin bakarrean gertatu. Kasu honetan kultur etxeko beheko areto handian izango da. jendeari izena emateko eskatu diogu, edukiera mugatua delako. Eta grabatu ere egingo dugunez... Txukun geratu behar du.
Iturgain: Bigarren emanaldi bat egitea ere aurreikusten ari gara, jende guztia ez baita sartzen saio bakarrean.
Lehena prestatu duzue eta, izango al da bigarrenik?
Biak: Bueno, ikusiko dugu [barrez].
Amondarain: Lehenengo honen digestioa egin behar dugu, eta gero gerokoak.