Behin-behinean onartu dute Jauregiko plan partziala

Ataria 2026ko apirilaren 10a

Amezketako Jauregiko eremuaren artxibo irudia. ATARIA

Eremu horretan, guztira, 78 etxebizitza eraikitzea aurreikusten dute. Horietatik libreak izango lirateke 30; udal etxebizitza tasatuak, 21; eta babes sozialerakoak, 15. Lanak hiru fasetan gauzatzea aurreikusten dute.

Behin-behinean onartu dute Amezketako Jauregiko eremuan 78 etxebizitza eraikitzeko plan partziala. Iazko irailean Amezketako Udalak alkatetza dekretuz eman zion hasierako onespena, eta, geroztik, planari oniritzia emateko txostenak egin dituzte Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak.

Jendaurrean ikusgai egon da plana, eta alegaziorik aurkeztu ez dela-eta, aho batez onartu zuten behin-behinean martxoaren 26ko udalbatzan. Udaletik adierazi dute «egin beharreko guztia» egin dutela Jauregiko eremua desblokeatzeko, eta «azken pausoa emateko» Gipuzkoako Foru Aldundiak behin betiko onespena ematea falta dela.

Era berean, Amezketako Udaletik nabarmendu dute Jauregiko eremua «gakoa» izango dela gazteak «herrian errotzeko» eta Amezketaren «hazkundea ordenatua» izateko; eta ildo beretik gehitu dute lanean jarraituko dutela hori lortzeko.

Planaren ezaugarriak
Aipatutako plan partzialean 78 etxebizitza berri eta Jauregi Haundiko etxea eraikitzea aurreikusten dute. Udaletik azaldu dutenez, horietatik, libreak izango lirateke 30; udal etxebizitza tasatuak 21; eta beste 15 babes sozialerako etxebizitzak izango lirateke.

Horrekin batera, beste hainbat eremu ere egokituko dituzte, hain zuzen, 199 aparkaleku egingo dituzte —horietatik pribatuak izango dira 133 eta, publikoak, 66—; bizikletentzako bidea eta oinezkoentzat «espazio zabalagoak» jarriko dituzte; 86 zuhaitz mantendu edo landatuko dituzte; eta 6.300 metro karratuko eremu bat jasoko dute berdegune eta espazio libre izateko. Aipatutakoaz gain, 1.834 metro karratuko lurzati bat jasoko dute udal ekipamenduetarako, eta 380 metro karratuko beste eremu bat, udalari lagatzeko, tokiko ekipamendurako lokal baterako. 

Lan horiek hiru epetan banatuta gauzatuko dituzte: lehenengo fasean egingo dituzte hamabi udal etxebizitza tasatu eta 21 libre, eta aldi berean atonduko dute tokiko ekipamendurako lokala. Bigarren fasean, babes sozialeko sei etxebizitza eta hamahiru libre eraikiko dituzte, eta udal ekipamendu nagusiaren urbanizazioa ere egingo dute. Azkenik, hirugarren fasean, bederatzi etxebizitza tasatu eta babes sozialeko beste bederatzi egingo dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!