Altuna III.a eta Ezkurdia aurtengo txapeldunordeak

Ataria 2026ko martxoaren 29a

Ezkurdia, Altuna III.a, Laso eta Albisu partida hasieran. Argazkia: Dabid Argindar (@argindar)

Unai Laso eta Jon Ander Albisuk jantzi dute txapela, gaur, Nafarroa Arenan jokatutako Binakako Txapelketako finalean Jokin Altuna eta Joseba Ezkurdiaren aurka garaipena (16-22) lortu ostean. 

Partida intentsitate handiarekin hasi da; bi bikoteak, lasai, seguru, arriskatu gabe eta tanto luzeak eginez. Lehen tantoa egiteko 48 pilotakada behar izan dituzte, eta gainontzekoak ere antzekoak izan dira. Hala ere, urdinek hartu dute aurrea markagailuan, baina Altuna eta Ezkurdia gehiegi urrundu gabe (3-5).

Amezketako aurrelariak txokoan egindako tanto batekin jarri dira lehen aldiz gorriak aurretik markagailuan (6-5), baina Lasok eta Albisuk ezarri dute tantoen gidoia. Baikoko bikoteak atzera bota dituzte ahal izan dituzten pilota guztiak, Ezkurdia nekatzea bilatuz eta Altuna jokotik kanpo utzi nahian. Boleak izan dira Aspeko pilotariaren erantzun nagusia, eta erasoaldia ondo eusten jakin du.

Ezkurdiaren nekea nabaria izan da lehen atsedenaldira iristean, eta urdinek hori aprobetxatu dute: jokoz kanpo utzi dute Altuna III.a eta pilotakada guztiak atzera bota dituzte, pilotari nafarra fisikoki nekatu arte.

Ezkurdiak sekulako lana egin behar izan du pilotak eramaten eta txokoa zaintzen, eta azkenean faktura pasatu dio lan horrek. Izan ere, bikote urdinak bost tanto jarraian egitea lortu du (10-18), baina Altuna eta Ezkurdiak ez dute amore eman eta hurrengo hirurak haiek egin dituzte (13-18).

Une horretan berriz agertu dira akatsak, eta Altuna jokoa aurrera eramaten saiatu den arren, ez da gehiegi izan gaurko finalean garaipena lortzeko; atzera jo eta jo jarraitu dute urdinek eta era horretan iritsi da hainbeste desiratutako 16-22koa.

Txapelketa osoan zehar bezala, finalean ere goraino bete dira harmailak, eta atseden hartzeko denborarik gabe, datorren asteburuan hasiko da buruz buruko txapelketa. Datorren asteartean egingo dute aurkezpen ekitaldia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!