Zorua konpontzeko lanak eta amianto errolda, Amezketan

Ataria 2026ko martxoaren 19a

Bidegain etxearen ingurua, berrituta. AMEZKETAKO UDALA

Bukatu dituzte Bidegain etxearen aurrealdeko zorua berritzeko lanak, eta herrian amiantoaren oinarrizko errolda egiten ari dira.

Amaitu dituzte Bidegain etxearen aurrealdeko zorua berritzeko lanak. Aurrez hautsita zeuden harriak kendu eta asfaltoa berritu dute; eta bertako ur-hoditeria berritzeko ere baliatu dute aukera.

Udaletik gogora ekarri dute erabilera publikoko eremu bat dela, eta diru publikoarekin ordaindu direla lanak. Zentzu horretan, garajeen aurrealdean kotxeak egotea baimentzen jarraituko dute; baina, ez dute onartuko mahaiak dauden eremuan kotxeak uztea edo «antzeko erabilera pribaturik».

Amiantoaren errolda

Obra bukatu dela jakinaraztearekin batera, herriko udaletik adierazi dute martxoan zehar amiantoaren oinarrizko errolda egingo dutela. Hain zuzen, udala erregistro hori egitera behartuta dago 7/2022 Legea, apirilaren 8koa, Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzekoaren arabera.

Horretarako, Bureau Veritas enpresaren ibilgailu bat ibiliko da herriko hainbat kale, auzo eta errepidetan; eta lanaz arduratuko diren teknikariek enpresaren laneko arropak izango dituzte.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!