Berezia izango da Jokin Altunaren (Amezketa, 1996) 17. finala lehen mailan. Joseba Ezkurdiarekin batera Binakako Pilota Txapelketaren finala jokatuko du Laso eta Albisuren aurka Nafarroa Arenan martxoaren 29an.
Zer moduz zaude?
Ondo, gogoz eta pozik elkarrizketak egiten. Eskuetatik hobeto nago. Finalerdietako lehen partida nahiko justu bukatu nuen. Gero bigarrena jokatutakoan zortez sailkapena lortu genuen, eta geratzeko ordua zen. Oraindik bi aste ditut goxo-goxo prestatzeko eta final horretara bete-betean iristeko.
Aurkariak Laso eta Albisu izango dira. Elordi eta Zabaleta baino nahiago?
Etortzen ez dena nahiago izaten da beti. Finalerdi ikaragarria jokatu zuten. Kasu honetan Unai eta Jon Ander datoz; final oso gogorra izango dugu, baina aurkari guztiekin berdina esango nizuke. Guk saiatu behar dugu bi aste hauetan ondo entrenatzen eta mentalizatuta joaten.
Nola jokatu behar da euren aurka finalean?
Iruditzen zait ahulgune oso gutxi dituztela, eta horregatik saiatu behar dugu partida hasieratik erritmo handikoa izaten. Joseba sekulako lana egiten ari da partida bakoitzean, eta biok mentalizatu behar dugu haiek agintzen dutenean bat gehiago jotzeko eta zuloak ixteko. Bikote guztien kontra guk gure jokoa ateratzen saiatu gara, eta bide horretatik ez dugu atera behar.
Zer suposatzen du zuretzat Ezkurdiarekin batera final batera iristeak?
Oso gauza berezia da. Txapelketan esan zigutenean batera jokatu behar genuela, bioi ilusioa egin zigun. Elkarren aurkari handiak izan gara beti, baina beti enpresa-kide, beti elkarri errespetu handia adieraziz, eta ilusio handia egin zigun. Bagenekien bide oso zaila izango zela, baina ondo egiteko gogo hori ere bagenuen. Partidaz partida joan gara eta asko disfrutatu dut bide honetan Josebarekin.
Txapelketa gorabeheratsua izan da, baina azken txanpan beharrezko maila eman duzue.
Txapelketan era guztietako momentuak izaten dira, eta uste dut bikote bat izan dela ia txapelketan osoan momentu onean egon direnak eta erraz ibili direnak, Unai eta Jon Ander. Gero finalerdietan sufritu behar izan dute. Notak txapelketaren bukaeran jartzen dira, ez txapelketaren hasieran. Askotan ikusi dugu eta denei pasa izan zaigu txapelketan zehar ondo ibili eta ez ondo bukatzea, eta aldrebes ere bai. Gure kasuan behintzat momentu zailak pasa ditugu, eta horietatik indartsuago atera gara, eta gure aukera etorritakoan aprobetxatu egin dugu.
Finalera sailkatzean biek hunkituta hitz egin zenuten.
Joseba egiten ari dena uste dut historikoa eta ikaragarria dela, aurrelaria izanda atzean jokatzea. Ez da frontenisean erraketa hartu eta atzean jartzea bezala. Oso gogorra da, eta gaur egun dauden atzelariekin ikaragarrizko meritua du. Lehen beti aurkari izan gara, baina orain garbi ikusten ari da elkarri zer errespetu eta zer miresmen izan diogun; orain batera ari garenean gauza horiek denak nabaritu egiten dira.
Zenbateraino duzu gustuko Nafarroa Arena?
Ez daukat batere aitzakiarik frontoiarekin. Beraien kontra jokatzeko guretzat ez da frontoirik errazena, oso pisua delako atzean. Egun horretan han jokatu behar da, pilotaleku guztietan jokatzea tokatzen zaigu, eta ez dago aitzakiarik.
Bertan finala prestatzeko zer aukera izango duzue?
Aukeraketa egunean [atzo] entrenatzeko aukera izango dugu. Beste aukera bat eman digute datorren astelehen goizean, eta eskertzen da.
Pilatzen ari zaren zenbakiak bereziak dira: lehen mailan 17. finala izango duzu.
Erretiratutakoan begiratzen hasiko naiz zenbaki horiei. Oraintxe bertan ez dut gehiegi begiratzen ez atzera eta ezta aurrera ere. Txapelketaz txapelketa noa. Badakit gauza handiak ari naizela lortzen, eta horrek poza ematen dizu, baina perspektiba galdu gabe. Jakinda hemendik urte batzuetara nire ibilbidea bukatu egingo dela, eta pilotari ohia izango naizela. Nire bizitza igual-igual joango da aurrera. Gaur egun ere pilotan ondo dihoakidalako ez dut ezer ezberdina egiten, igual-iguala izaten segitzen dut, eta erretiratutakoan zenbakiei begiratuko diet, baina oraintxe bertan final honetaz ari naiz disfrutatzen. Behin ere ez duzu jakiten azkena noiz izango den, eta bete-betean disfrutatu nahi dut.
Zer giro espero duzu?
Jende asko ari da animatzen, eta giro ederra egongo da. Nire lagun batzuk eta Josebaren lagun batzuk elkarrekin ari dira hitz egiten eguna batera bizitzeko, eta polita izango da. Beraiek ere disfrutatu dezatela egun horretaz.