Zabalik da epea artile bilketan izena emateko

Ataria 2026ko martxoaren 5a

Dagoeneko eman daiteke izena, eta martxoaren 13a izango da horretarako azken eguna. Bilketa doan izango da, eta Amezketan uztailaren 9an egingo dute. 

Artile bilketak zenbait nobedade izango ditu aurten Amezketan. Berrikuntzetako bat da, hain zuzen, Amezketan bertan jasoko dituztela aurten artile sakak; eta, bestalde, aurten doakoa izango dela zerbitzua.

Artilea emateko beharrezkoa da aurretik izena ematea, eta, horrela, saka bereziak non eta zenbat jaso jakinaraziko dute. Horretarako epea dagoeneko irekita dago, eta martxoaren 13a izango da azken eguna. Bi modutan egin daiteke: telefonoz 943 11 21 73 zenbakira deituta edo lurraldeoreka@gipuzkoa.eus helbide elektronikora idatzita.

Bilketaren ezaugarriak

Artilea jasotzeko saka bereziak banatuko dituzte. Zaku horietan 60 kilo artile sartzen dira, eta erdiraino bete daitezke «maneiu errazago» baterako. Bestalde, artilea garbi eta busti gabe jasoko da; horretarako, lehorpean jaso beharko da bilketara arte, eta artilea moztu bezain pronto saketan sartzearekin nahikoa izango da.

Identifikatuta egongo dira saka guztiak, eta artilea baloratzen hasitakoan, jarraipena ahalik eta ondoen eta garbien egiteko. Aurrez aipatu bezala, Amezketako bilketa eguna uztailaren 9a izango da, eta aurreko urteetan bezala, artilea entregatzearen agiria ere bertan emango dute.

Artilearen bilketa eta kudeaketa Gipuzkoako Artile Mahaitik egingo dute, Foru Aldundiarekin koordinatuta; eta bilketaren kostuak aldundiak hartuko ditu bere gain. Neurri horien helburua da artileari «balioa ematea» eta kudeaketa «ahalik eta egokiena zein erabilgarriena» izatea, sektorearentzat kosturik txikienarekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!