Bidegain etxearen aurrealdeko zorua berrituko dute

Ataria 2026ko otsailaren 3a

Amezketako Eliz kaleko 9. eraikina. GOOGLE MAPS

Puskatutako harriak kendu eta asfaltoa berrituko dute. Lan horiekin batera obra baliatuko dute eremu horretako ur-hoditeria ere berritzeko.

Amezketako Udalak jakinarazi du Bidegain etxearen (Eliz kaleko 9. eraikina) aurrealdeko zorua berrituko dutela datozen asteetan. Aurrez hautsita zeuden harriak kendu eta asfaltoa berrituko dute. Lan horiekin batera, bertako ur-hoditeria ere berritzeko baliatuko dute aukera.

Zorua berritzeko lanak egingo zituztela-eta, Gipuzkoako Ur Kontsortzioak ur-hoditeriaren egoera aztertu eta zaharkituta dagoela ondorioztatu du. Hori horrela, udaletik azaldu dute lurzorua berritu eta hoditeria zaharra uzteak ekarriko lukeela aurrera begira zorua berriro puskatu beharra —hoditeria berritzeko—, eta, ondorioz, aukera baliatuko dutela zorua berritzearekin batera hoditeria ere berritzeko.

Aste honetan hasiko dira hoditeria berritu ahal izateko prestaketa lanak egiten, eta hoditeria berritu ondoren egingo dituzte asfaltatzeko lanak. Hari berari tiraka gaineratu dute hainbat eragozpen —ura zein garajeetako sarbidea moztea— izango direla lanek iraun bitartean, eta pazientziaz jokatzea zein eta langileei kasu egitea eskatu dute.

Azkenik, nabarmendu dute eremu publikoa izanik, udalak finantzatuko dituela lanak eta garajeen aurrealdean kotxeak egotea baimentzen jarraituko duela; ez, ordea, ibilgailuak mahaiak dauden eremuan uztea edo «antzeko beste erabilera pribaturik».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!