Amezketak 1.922.221 euroko aurrekontua izango du aurten

Aitor Arroyo Askarai 2026ko otsailaren 5a

Iaz baino 167.436 euro gehiago izango ditu Amezketako Udalak. A. ARROYO

Amezketako Udalak aurrekontuaren laurdena pasatxo bideratuko du inbertsioetara, zehazki, 509.388 euro. Landa eremua eta azpiegiturak dira arlo nabarmen batzuk.

Urte honetarako 1.922.221 euroko aurrekontua izango du Amezketako Udalak. Aurten izango dituen diru sarrerei dagokienez, ia % 74 jasoko du Gipuzkoako Foru Aldundiko Udal Finantzaziorako Funtsetik eta administrazio publikoetako diru laguntzetatik; % 25 udal zerga eta tasetatik, eta % 1,26 bestelako sarreretatik.

Aipatutako kopuru horren % 26,5 —zehazki, 509.388 euro— bideratuko du Amezketako Udalak inbertsioak egiteko; eta lan lerro gisa identifikatu dituzte, besteak beste, hainbat azpiegitura zein zerbitzu hobetzeko lanak, landa eremua, kultura eta etxebizitza.

Inbertsioak azpiegituran
Batetik, udal azpiegituretan egingo dituzte inbertsioak. Zumadi eskolan, adibidez, kanpoko zelaia eta frontoia konpondu dituzte dagoeneko, eta Mikel Arteaga alkateak azaldu du 15.000 euro bideratu dituztela eskolaren atzealdeko berdegunea egokitzeko: «Egurrezko elementuak-eta jarri nahi ditugu, besteak beste, motrizitatea lantzeko». Bestalde, haur-eskolako zoruan hezetasun arazoak hauteman dituzte eta 40.000 euro jaso dituzte hori konpontzeko. 

Halaber, alkateak nabarmendu du Hezkuntza Sailarekin ari direla lantzen eskolaren «eraberritze integrala» izango dena: «Iaz paper fabrikarekin akordioa egin genuen eskolak dauden eraikina udalaren jabetzakoa izatera pasatzeko. Behar asko ditu, eta guztiak eraberritze integral horretan sartu nahi ditugu». Horrez gain, gimnasioan makina berriak jartzeko 10.000 euro bideratu dituzte, eta dagoeneko jarri dituzte bi zinta berri. 

Udal azpiegiturari dagokionez, 120.000 euro bideratuko dituzte duela bi urte erositako estankoaren lokala egokitzeko hainbat lan egiteko, horien artean, beirateak zein aireztapena jartzea, eta klimatizazioa egitea. Arteaga alkateak zehaztu du azaleratuko diren «beharren araberako» erabilera emango diotela lokalari: «Herrian erretiratzeko ez zaie asko falta zenbait dendari eta tabernari, eta horrek egoera asko aldatzea ekar lezake denbora gutxian. Horien arabera sortutako beharrei erantzuteko egokituko dugu, zehazki, lokala».

Landa eremua gako
Arteagaren esanetan «garrantzia handia» du landa eremuak Amezketan: «Baserri bideetan karga handia daukagu. Guztira, 28 kilometro baserri bide ditugu, eta beste 9 kilometro mendi bideak edo pistak izango lirateke». Horiek mantentzeko 70.000 euro bideratu dituzte orain arte; aurten, berriz, 120.000 euro jaso dituzte, aurreko kopuruarekin iristen ez zirela-eta. 

Halaber, Arrondo auzoan arazo bat identifikatu dutela ere gehitu du alkateak: «Elizaren ondoan estugune bat dago, eta kamioiek ezin dute pasa. Hiru esplotazio garrantzitsu daude hor, eta irtenbidea emateko Errekaldetik bide berri bat eraikitzea da asmoa. Horretarako 166.000 euro bideratu ditugu». 

Ugarte auzoari dagokionez, iaz hasi zuten lanketa aparkaleku bat egiteko, baina «zailtasun asko» izaten ari direla aitortu du Arteagak, eremuaren uholdegarritasuna dela-eta. Gai hori lantzen jarraitzeaz gain, bertako frontoiko argi-zulo batzuk konpondu egin behar direla identifikatu, eta 30.000 euro aurreikusi dituzte bi helburuetarako. 

Kultura, lanerako lerro
Aipatutakoaz gain, kultur alorrerako ere aurreikusi dute aurrekontuaren zati bat. Horren adibide, esate baterako, herrian antolatzen diren azoka, ekimen zein festetarako gordetzen duten zatia 60.000 euro izatetik, 100.000 izatera pasatzea. 

Horrez gain, zenbait nobedade ere izango dituzte aurten: batetik, Joxe Mari Otermin herritarrak artzaintzari buruzko liburu bat egingo du, eta 15.000 euro jaso dituzte horretan laguntzeko; eta, bestetik, erretiratuen elkarteko proposamenari erantzunez, 10.000 euro bideratu dituzte Amezketako erraldoiak egiteko.

Berritasunez aparte, alkateak adierazi du lanean jarraituko dutela San Martingo etxola hobetzeko, eta 10.000 euro aurreikusi dituzte etxolaren hoditeria eta argiztapena hobetzeko.

Zaintza sendotzeko
Alkateak kontatu du gizarte zerbitzuetara bideratzen duten kopurua «asko igo» dela azken urteetan, eta aurten 100.000 euro jaso dituztela, besteak beste, etxez etxeko zerbitzurako eta adinekoei zein menpekotasunen bat dutenei laguntza emateko.

Etxebizitzaren atalari dagokionez, Jauregiko eremuko prozesua hirigintza aldetik «oso aurreratuta» dagoela nabarmendu du: «Amaieran gaudela esan genezake. Behin hori bukatuta, asmoa litzateke plan orokorra berritzea; horretarako, 25.000 euro aurreikusi ditugu». Eta hari berari tiraka gehitu du beste 40.000 euro gorde dituzte irisgarritasuna lantzeko: «Kaleko irisgarritasuna landuko dugu. Espaloiak-eta konpontzeaz gain, neurriak hartuko ditugu oinezkoentzat, gurpildun aulkian doazenentzat, eta haurrentzat arrisku egoerak sortzen dituzten zenbait jokabide ekiditeko».

Inbertsioen berri ematearekin batera, alkateak udalaren egoera ekonomikoa baloratu du: «Azken urteetan motxila handi bat izan dugu ekonomikoki: bidegorriaren eta saneamenduaren obra; oso potentea izan da, eta kostu handia izan du. Azkenean, ordea, diru laguntza aldetik emaitza onak izan ditugu; eta  behin motxila hori kenduta beste gauza askori ere aurre egiteko modua izango gara».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!