Oier Zubeldiak irabazi du Garingo Mendi Lasterketa

Ataria 2026ko urtarrilaren 20a

Oier Zubeldia, helmuga zeharkatzen. GOIERRIKO HITZA

Martxan da 2026ko Goierri Kopa Traila. Garingo Mendi Lasterketak eman zion igandean hasiera denboraldiari, eta lasterkariek argi utzi zuten maila altua dagoela aurten ere.

Iaz bezala, Oier Zubeldia amezketarra eta Irati Zubizarreta beasaindarra izan ziren helmugaratzen lehenak. Zubeldiak 59.51 behar izan zuen 12,20 kilometroko ibilbidea osatzeko, eta Zubizarretak, berriz, 1.16.23. Gizonezkoetan, Zubeldiaren atzetik Aitor Zunzunegi legorretarra (1.01.18) eta Mikel Usandizaga aiarra (1.02.08) iritsi ziren.

Emakumezkoetan Eider Zubeldia amezketarrak gutxigatik ez zuen podiuma zapaldu. Laugarren postua egin zuen 1.19.11 denborarekin, Adirane Peñagarikano urretxuarrarengandik 30 segundora. 

Berrehundik gora korrikalarik parte hartu zuten proban. Ibilbide osoan zehar lokatz ugari izan zuten, eta freskura nagusitu zen; hala ere, ateri eutsi zion. Eguraldia goibela izan arren, Trapalata Txarangak giroa alaitu zuen, eta jende ugari joan zen Beasaingo auzora.

Eider Zubeldia, helmuga zeharkatzen. GOIERRIKO HITZA

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!