San Silbestre, elkartasun edo urtezahar. Hamabigarren hilabetearen amaieran perretxikoak bezala ugaritzen dira krosak; eta ehunka herritarrek —haurrek, gazteek zein helduek— agurtzen dute urtea korrika. Aurten, gainera, izango da nobedaderik ere, lehenengoz antolatu baitute urtea agurtzeko lasterketa Amezketan.
Eneko Goitia Amezketako Udaleko kirol zinegotziak eta antolakuntzako kideak azaldu du lasterketari Amezketako Urtezaharreko herri krosa izena jarri diotela: «Iaz bururatu zitzaigun, baina beranduegi hasi eta urte honen amaierarako antolatu dugu azkenean».
Amezketan, zergatik ez?
Goitiak kontatu du amezketar asko beste herrietara joaten zirela urte amaierako lasterketak egitera, eta garrantzitsutzat jo dute Amezketan ere aukera ematea: «Alegiara, Tolosara... Beste herrietara joaten zen jendea. Gainera, antza garai batean Amezketan ere egin zuten krosa noiz edo noiz».
Beste hainbat herritan bezala, Amezketan ere adinaren araberako modalitateak antolatu dituzte, hain zuzen, 500 metroko ibilbidea izango dute 12 urtetik beherakoek; 2,5 kilometrokoa 12 eta 16 urte artekoek; eta 5 kilometrokoa, berriz, 16 urtetik gorakoek. 16:00etan abiatuko dira gazteenak, eta guztiak ala guztiak herriko plazan hasi zein bukatuko dira. Izena emateko aukera, berriz, abenduaren 31n bertan emango dute, herriko plazan, 15:15etik aurrera.
Antolatzeak «espero baino lan gehiago» eman diela aitortu du zinegotziak: «Hasi ondoren konturatzen zara zenbat gauza hartu behar diren kontuan». Jendearen erantzunik ez du aurreikusi nahi izan, baina itxaropentsu hitz egin du: «Baten batek esan dit egunotan bidegorrian jende gehiago ikusi duela korrika. Ez dakigu horregatik izango den, baina polita litzateke jende mordoxka bat gerturatzea».