'Hetero' liburuarekin hasiko du urtea irakurle taldeak

Ataria 2025eko abenduaren 9a

Irakurle taldeko kide batzuk San Martinen, 2023an. AGURTZANE GARMENDIA

Urtarrilaren 15ean hasiko du urtea Amezketako irakurle taldeak. Interesa dutenei parte hartzeko gonbidapena luzatu diete.

Amezketako irakurle taldeak Uxue Alberdiren Hetero liburuarekin hasiko du 2026. urtea. Urtarrilaren 15ean egingo dute lehen saioa, eta, ohi bezala, Pernando Amezketarra kultur etxeko jubilatuen txokoan izango da.  Urtearen amaiera baliatu dute interesa izan dezaketen herritarrak ekimenera gonbidatzeko. 

Urtarrilean hasi eta maiatzera arte egiten dituzte saioak, eta hilabetean liburu bat irakurtzen dute. Hori horrela, guztira, bost liburu lantzen dituzte, eta helburu dute, besteak beste, euskaraz irakurtzeko «ohitura sustraitzea», horren «gozamena albo batera utzi gabe». Hari berari tiraka nabarmendu dute ez dagoela liburua tertuliaren egunerako amaitu beharrik, bakoitzak «bere erritmoa eta denboral librea» dituela-eta.

Hogei urteko egitasmoa
Bi hamarkada daramatzate euskaraz idatzitako liburuak irakurtzen, eta egileak gonbidatzen dituzte tertulietara: «Hor gabiltzanok ez gara jakitun handiak, idazlearen argibideekin asko ikasten eta gozatzen da. Ez da ezer ordaintzen, ez dago izenik eman beharrik eta, batez ere, gauden taldean oso ondo pasatzen dugu». Idazleak tertuliara gonbidatzearen kostu ekonomikoa Amezketako Udalak hartzen du bere gain, arduratuta dagoelako euskal kulturaren hedapenaz eta zabalkundeaz.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!