Dagoeneko zabalik dago epea Larrondon ganadua larreratzeko izena emateko, eta abenduaren 31a izango da horretarako azken eguna. Behiak, ahuntzak eta ardiak 2026ko maiatzaren 1etik 2027ko martxoaren 31era bitarte larreratuko dira.
Aipatu bezala, dagoeneko eman daiteke izena, eta Amezketako udaletxeko bulegoan zein telematikoki egin ahal izango da.
Larreratzeko epeak ezberdinak izango dira ganadu motaren arabera: behiak, ahuntzak eta ardiak 2026ko maiatzaren 1etik 2027ko martxoaren 31era bitarte larreratuko dira. Behorrak eta zaldiak, berriz, 2026ko urriaren 12tik 2027ko martxoaren 31era bitartean.
Prezio ezberdina jardunaren arabera
Ganaduagatik ordaindu beharreko prezioa ezberdina izango da erabiltzailea arrunta edo profesionala denaren arabera. Hain zuzen, erabiltzaile arruntek 11 euro ordaindu beharko dituzte behi, behor eta zaldi bakoitzagatik; nekazari profesionalek, berriz, 10 euro ordaindu beharko dituzte buru bakoitzeko.
Ardiei edo ahuntzei dagokienean, berriz, 1,10 euro ordaindu beharko dituzte erabiltzaile arruntek; eta euro bat, berriz, profesionalek.
Amezketako Udalak nabarmendu du deialdia «ganaduzale guztiei» zuzenduta dagoela, «baita ganaduak udazkenean botatzen dituztenei ere»: «Garbi gogorarazi eta jakinarazi nahi dizuet udaletxean izen-ematea orain egin behar dela, nahiz eta ganadua udazkenean larreratu». Neurriari «jarraipen zehatza» egingo diotela ere aipatu dute, eta agindua betetzen ez bada «bere neurriak hartuko» dituela Amezketako Udalak.
Horrez gain, hainbat ohar ere egin ditu udalak: batetik, abereek derrigorrezko osasun baldintzak bete behar dituztela; ahuntzen kasuan, izena eman behar denerako derrigorrezkoa izango da Gestio Plana aurkeztea; bestetik, ohartarazi dute Larrondora ezin dela ganadurik eraman Enirio-Aralarko larreetara igo aurretik, hau da, Enirio-Aralarko larreetara zuzenean eraman behar dela ganadua. Eta, bukatzeko, berriz, landatutako landare gazteak eta itxiturak errespetatzeko eskatu du beste behin herriko udalak.