elkarrizketa

«Sakonean, herriko historia ezagutzea da helburua»

Aitor Arroyo Askarai 2025eko abenduaren 3a

Jexux Iñurrita eta Antton Amondarain, erakusketaren arduradunak. A. ARROYO ASKARAI

Txanda honetan, guztira, 50 irudi jarri dituzte jendaurrean. Erakusketa osatzeko pilotarien eta talai dantzarien iraganeko argazkiak bildu dituzte, eta kultur etxeko sarreran daude ikusgai.

Iraganeko argazkien hirugarren bilduma osatu dute Jexux Iñurrita (Amezketa, 1953) eta Antton Amondarain (Legorreta, 1953) herritarrek. Oraingoan, pilotarien eta Talai dantzarien argazki zaharrak bildu dituzte, eta, ohi bezala, Pernando Amezketarra kultur etxeko sarreran daude ikusgai.

Zer topatuko du erakusketara joaten denak?

Jexux Iñurrita: 50 urte bete dira Zazpiturri elkartea sortu eta Talai dantzak berreskuratu zirenetik. Efemeride horretatik abiatuta, garai bateko argazkiak hartu eta erakusketa osatu dugu.

Antton Amondarain: Ez da ekimen bakarra izan. Dokumentalak ere egin dira bi gaien inguruan, eta horiekin lotuta bildu ditugun argazkietatik batzuk aukeratu eta pilotaren zein dantzarien ingurukoak jarri ditugu. Lagin bat da erakusketa. 

Iñurrita: Jakina, baditugu argazki berriagoak eta, kalitatez, agian, baita hobeak ere. Baina gakoa da guk bildu ditugunak iraganekoak direla. 

Nola osatu duzue erakusketa?

Amondarain: Jexux aritzen da lan teknikoan; nik etxez etxe bildu ditut argazkiak, eta eskaneatu. Jexuxek irudi horiek hartu eta hobetu egiten ditu. Eta, gero, programa baten bidez etiketak jarri eta sailkatu egiten ditugu. Artxibatu, nolabait. Helburua ez da erakusketak egitea; udal artxibo moduko bat osatzea baizik. 

Hutsunea ikusten genuen hor, artxibo bat falta zela. Asmoa da aurrerago udal plataforma ireki batean eskuragarri jartzea. Eta erakusketaren ideia, izatez, gerora etorri da. 

Zenbat denboraz aritu zarete lanean?

Iñurrita: Lau urtetako lana izango da, gutxi gorabehera. Sailkatzeko eta etiketatzeko programa horrekin titulua jartzen diogu, irudian ageri direnen izenak... Horiek denak argazkiekin batera gorde, eta datu basea osatzea da asmoa. Horrela etorkizunean bilaketak egitea ere askoz errazagoa izango da izen, gai edo dena delako batekin. Interneten egongo da eskuragai; eta paperean ere eskuratu ahal izango dira. 

Amondarain: Horiek azaleko helburuak dira: biltzea, plataforma osatzea, eta bidean erakusketak egitea. Sakonean herriko historia ezagutzea da helburua. Amezketan badago historia lantzeko tradizio moduko bat. Jose Mari Oterminek egin ditu, Jexuxek baditu liburutxo batzuk idatzita, nik ere idatzi dut zerbait... Hori historia ezagutzeko bide bat da, eta argazkiena, beste bat.

Garrantzitsua da historia ezagutzea; horrek ahalbidetzen baitu hanka sartzeak identifikatzea eta etorkizunerako gakoak ikastea. 

Iñurrita: Irakurri beharrean, argazkiekin ere helburu hori lortu nahi dugu nolabait. Gero eta urriagoa da irakurtzeko ohitura, eta... Argazkiekin behintzat ea historia pixka bat gerturatzen dugun. 

Herritarrek nola hartu dute?

Amondarain: Ondo hartu dute. Lekua ere berariaz aukeratu genuen, bidean eta bistan geratzen delako. Kultur etxean espazio asko daude: gimnasioa, liburutegia, areto nagusia, jubilatuen txokoa... Jende asko ibiltzen da bertan, eta oharkabean ere ikusten dira argazkiak. Hala ere, nik uste arrakasta izan duela.

Iñurrita: Bai, bai, nik uste jendeak atsegin dituela eta gozatzen duela argazki zaharrak ikusten. Udalak ere asko lagundu gaitu. Erakusketa hauek badute kostu bat, eta Interneten eskuragarri jartzeko artxibo horrek ere izango du... Udalak bere gain hartu du, eta laguntza handia eman digu. 

Zenbat irudi daude ikusgai?

Iñurrita: Txanda honetan, guztira, 50. Erdiak dira talaiei buruzkoak; eta, beste erdiak, pilotari buruzkoak.

Amondarain: Argazkien kopurua espazio fisikoak mugatzen digu; horren arabera jarri ditugu. 

Hirugarren sorta da. Aurrekoak gorde egin dituzue ala nonbait ikus daitezke oraindik?

Amondarain: Behean daude azken erakusketakoak. Aurrekoak, berriz, goiko solairura mugitzen ditugu eta bertan daude ikusgai. Familia ugariak landu genituen eta, orain, argazkiak sendiei itzultzen ari gara euskarri sendoago batean; bazter batean hautsa hartzen utzi beharrean... Jendea pozik ari da argazki horiek hartzen. 

Laugarren erakusketa baterako ideiarik baduzue?

Iñurrita: Amezketan kintoen bazkariak egiten ditugu, irailetik abendura. Lehen 50 urtetik aurrera hasten ginen, eta denok elkartzen ginen bazkari horietan. Orain, aurretik egiten ere hasi dira. Lauzpabost jatetxe zeuden lehen; orain bi geratzen dira. Bada, haietako batek ohitura zuen bazkari horietan argazkiak ateratzeko; eta oso politak dira. Belaunaldiko ia guztiak elkartzen ginen, eta horiek biltzen saiatuko gara. Ea lortzen dugun; oso polita izan daiteke. 

Amondarain: Hori izango da hurrengo urteko lehenengoa. Hori eta besteren bat ere egingo dugu agian.

Eta nola bilduko dituzue horiek?

Amondarain: Askotan eskatu ditugu argazkiak. Oraindik urtebeteko lana geratzen zaigu, eta jendeak eman ditzake bere irudiak. Erraztu egiten dugu dena. Jendeak galdetu izan digu ea zeri deitzen diogun «argazki zahar»; gomendatzen duguna da —arazorik ez badute— dituzten guztiak ematea, eta guk egitea galbahe lana. 

Zenbaitek egin du horrela. Eta, beraz, jendeak jaso dezala gonbidapena berriz; argazkiak utzi eta bilduma osatzeko. Udaletxean bertan ere utz ditzakete, eta astebeteren buruan itzultzen ditugu jaso bezala. Udalak ere egiten du zubi lan hori. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!