Ekonomia eta ekologia uztartzea, landa eremua suspertzeko gako

Ataria 2025eko azaroaren 27a

Jaime Izquierdo Orexan, 2023an.

Jaime Izquierdok 'Una nueva economia para la aldea del siglo XXI' liburua aurkeztuko du gaur, Amezketan. Landa eremuaren funtzionaltasuna berreskuratzea beharrezkotzat du egileak.

Jaime Izquierdo Vallina (Infiestu, Asturias, Espainia 1958) landa garapenean adituak Una nueva economia para la aldea del siglo XXI (KRK ediciones, 2025) liburua aurkeztuko du gaur Amezketako kultur etxean, 19:00etan. Tolomendi Tolosaldeko Landa Garapen elkarteak eta Amezketako Udalak antolatu duten ekitaldian, Eneko Maioz Tolomendiko lehendakariak eta Mikel Arteaga Amezketako alkateak ere parte hartuko dute. 

Egileak azaltzen duenez, gaur egun landa eremua desagertzeko arriskuan dago. Eta, horren ondorioak nabaritzen hasiak dira ingurumenean kalteak, sute handiak, desoreka ekologikoak eta biodibertsitatearen galera, kasu. 

Izquierdoren arabera, landa eremuaren funtzionaltasuna berreskuratu egin behar da, eta horretarako, teoria ekonomiko berritzaile bat proposatzen du. Ekonomia eta ekologia uztartuz, landa eremua eta natura ulertu eta zaintzen jakin zuen pentsaera hura gaur egunera egokitzea da mahai gainean jartzen duena. 

Izquierdok ingurumenaren, lurralde garapenaren eta landa ingurunearen arloetan lan egin izan du, eta hainbat saiakera eta artikulu idatzi ditu nekazari-komunitateen eta landa-lurralde berezienen eta despopulatuenen balio, ezagutza eta printzipio agroekologikoak birgaitzeko helburuarekin. 

Ez da Tolosaldean liburu bat aurkeztu edo hitzaldi bat ematen duen lehen aldia. 2023an Orexan izan zen, landa eremuen eta landa herrien etorkizunaz hitz egiten. 2024an, berriz, datozen urteetarako eskualdeko ardatz estrategikoak definitzeko helburuarekin Tolosaldeko Landa Komunitateen Garapenerako Programa landu zuen Tolomendik, eta horren barruan egin ziren saioetan izan zen asturiarra landa eremuari buruzko bere gogoetak partekatzen.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!