elkarrizketa

«Oraindik ikusi behar dugu zenbat gihar daukagun»

Aitor Arroyo Askarai 2025eko azaroaren 12a

Jokin Artola, asteon, Amezketako plazan. A. ARROYO ASKARAI

Amezketako merkataritza, elikadura eta lehen sektoreko ekoizleak ditu hausnarketarako gai elkarte berriak; eta ostiraletako azoka landuko dute lehenik. Jadanik zabalik dute bazkidetzeko kanpaina.

Amezketan Elikalur elkartea ari dira sortzen, besteak beste, herriko elikadura eta merkataritza lantzeko. Zabalik dute bazkidetzeko kanpaina, eta parte hartzera gonbidatu dute interesa duen oro. Jokin Artola (Amezketa, 1985) elkarteko kideak kontatu du nolakoa izan den prozesua eta zein unetan dagoen proiektua.

Zer da Elikalur?
Elikalur, finean, elikadura elkarte bat da, eta Amezketako baserritarrek, ekoizle txikiek eta kontsumitzaileek osatzen dugu. Orain hiru urte mondejuaren azoka antolatzeko ideia atera zenean, gaia lantzeko biltzen hasi ziren herriko ekoizle, baserritar, eta ostalaritzako profesional batzuk. Emaitza horren ona izan zenez, lanketa luzatzeak merezi zuela ondorioztatu zen. 

Duela urte eta erdi edo, berriro elkartu eta elikaduraren inguruan hausnartzen jarraitu zuten; hori izan zen hazia. Bada, elkartea prozesu horren ondorio moduko bat da.  

Zergatik ikusi zenuten elkartea sortzeko beharra?
Orain dela urte eta erdi udalak martxan jarri zuen parte hartzeko dinamika bat: Amezketa eta baserria elikadura baino gehiago. Horren barruan hainbat elkarrizketa egin zizkieten baserritar ekoizleei, herriko kontsumitzaileei… Eta azterketa horretan ondorio eta behar batzuk identifikatu zituzten. 

Bada, horiei erantzute aldera, ikusi genuen formarik errazena edo martxa hartzeko modurik onena elkarte bat sortzea zela. Badakigu udala beti izango dela bidelagun, baina nolabait ardura gure gain hartu beharra ikusi genuen. Zorionez Amezketan ekoizle dezente ditugu, eta badituzte behar komun batzuk. Adibidez, lehen sektoreko lanari ikusgarritasuna ematea daukagu helburuen artean.

Eta horiek ez dira lan bakarrak izango, ezta?
Horrez gain, zuzeneko salmentan aritzen direnek ere aipatu zuten lan komun batzuk egiteko beharra: batik bat zenbait arlo hobetzeko kanpora —kontsumitzaileei— zein barrura begira. Adibidez, komertzializatzeko garaian lagungarri izan liteke elkartea. 

Eta beste erronketako bat da... Herrian baditugu harategia eta denda; baina erretiroa nahiko gertu dute. Haiekin hitz egin nahi dugu ezagutzeko ea zein asmo dituzten: jarraipenik baduten edo ez… Eta asmo horien arabera guk ere herri mailan beste zerbait martxan jartzeko. 

Egunerokoan zein forma hartuko du?
Izatez ez du egunero-eguneroko jardunik izango. Baina bagaude talde txiki bat, eta nahi duenak jardun indartsuago edo maizago horretara gerturatu, ongietorria izango da. 

Jendeak eman nahi duenaren arabera aukeratzeko hiru bazkidetza prestatu ditugu. Batetik, ekoizle izanez gero, ekoizle bazkide; bestetik, bazkide kontsumitzaile, hau da, informazioa jaso, proiektuarekin bat egin, baina ezin duenarentzat gehiago eman; eta azkenik, bazkide laguntzaile. Guztiak dira doakoak.

Azken horretan sartuko litzateke konpromiso handiagoa hartzeko prest dagoen jendea. Momentu jakin batzuetan haiengana joko genuke txanda batzuk betetzeko edo antolatzen laguntzeko... 

Dagoeneko ekoizle direnek bakarrik har dezakete parte?
Ez da dagoeneko ekoizle direnentzat bakarrik: etorkizunean hasi nahiko luketenentzat ere elkartea aterpe moduko bat izan daiteke proiektua lantzen hasteko. 

Eta, horrekin batera, kanpora begirako marka moduan ere funtzionatuko luke elkarteak herrian sortzen dena ezagutarazteko; bertako ekoizleek ezin baitute biziraun herritarrok kontsumitzen dugunarekin bakarrik. 

Momentuz 60 bazkidera iritsi gara, eta hori oso polita da; baina oraindik ikusi behar dugu zenbat gihar daukagun. Eta horren arabera ikusiko dugu erronkei nola heldu.

Eta zein izango da lehen pausoa?
Amezketan ostiralero azoka egiten da. Goraldi bat izan zuen, baina orain atzera jaisten ari da. Horren inguruan hausnartu eta asteroko dinamika hori landu nahi dugu.

Udalak plazaren alboan dagoen lokala erosi zuen, eta urte amaiera bitartean obra bat egingo dute egokitzeko. Ostiraletako azokarekin jarraituz gero, lokalaren barrura mugitzea izan daiteke aukeretako bat. Hori kudeatzeaz elkartea arduratuko litzateke. Lokalak espazio irekia izango luke, eta horrek aukera emango du beste zerbait egiten ere hasteko. Ostiraletako azoka da landu beharreko lehen gaia; eta lasaiago egin beharrekoa bertako dendena-eta.

Ez dira erronka makalak.
Erronka potoloena horixe da: Amezketak behar duen merkataritza horri nola erantzun ebaztea. Eta, aldi berean, bertan ditugun ekoizle ezberdinek herrian saltzeko aukera izatea eta guztiari forma ematea. 

Horrekin batera zeharka landuko dugu herritarren kontzientziazioa, adibidez, ikastaro edo hitzaldi batzuk antolatuz, ekoizleei bisitak eginez… Adibidez, eskolarekin ere erraza da halakoak antolatzea.

Nolako harrera izan du?
Aurkezpena egin genuen eta jende dezente etorri zen. Herriak berak ere kezka handia du bertako merkataritzarekin; kalean hitz egiten den gai bat da. Eta nik uste ilusio pixka bat piztu duela ikusteak erronkari heltzeko prest daudela batzuk. 

Gainera, aurretik ere lantzen aritu garen gaia da: bai udalarekin, ekoizleekin, zein herritarrekin.

Nori zuzenduta dago?
Inguruko jendea —Abaltzisketa, Bedaio…— kontsumitzera Amezketara etortzen da, neurri handi batean. Baina txikitik hasi nahi genuen; eta horixe gomendatu digute. Momentuz, Amezketako zerbait da, bazkide izateko bertan erroldatuta egon behar duzu; baina ondo jarraituz gero zabaldu daitekeen zerbait ere izango da. Aurrerago ikusiko dugu. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!