Asteartean ospatuko dute San Martin eguna

Ataria 2025eko azaroaren 6a

Erretiratuen bazkaria, iaz, San Martin egunean. L. CARRASCO

Egitaraua San Martingo ermitan hasiko dute, eta, horrez gain, jarduerak prestatu dituzte helduentzat zein haurrentzat.

Asteartean, azaroaren 11n, San Martin eta erretiratuen eguna ospatuko dituzte Amezketan. Egitaraua San Martingo ermitan hasiko dute, eta mezaren ondorena trikitilariek eta bertsolariek alaituko dituzte; aldi berean, salda eta pintxoak ere banatuko dituzte.

Eguerdian Beartzana jatetxean egingo dute bazkaria herrian erroldatutako erretiratuentzat. Txartelak dagoeneko eskuragarri daude udaletxean, eta izena emateko azken eguna bihar izango da —azaroaren 7a—. Bazkalostea ere trikitilariek eta bertsolariek alaituko dute, eta arratsaldean haurren txanda izango da.

Herriko txikientzat merienda banatuko dute eskolako atarian, 16:30ean; eta, ondoren, jolasak egingo dituzte Pernando Amezketarra kultur etxean, herriko Akelok gurasoen elkarteak antolatuta.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!