Aurten ere Jokin Altuna ezin izan da finalerako sailkatu

Ataria 2025eko azaroaren 4a

Jokin Altuna, artxiboko irudi batean.

Pilotari amezketarrak Peio Etxeberriaren aurka 9-22 galdu du Lau eta Erdiko Txapelketako finalerdia. Ez da ondo aritu Altuna III.a, eta aurkariak partida bikaina jokatu du.

Jokin Altuna amezketarra ez zen fin aritu igandean eta 9-22 galdu zuen Peio Etxeberriaren aurkako Lau eta Erdiko Txapelketako finalerdia. Zortzi finaletan segidan egon ondoren, iazkoan ez zuen lortu finalean jokatzea, eta aurtengoan ere ez da posible izango. Partida hasiera gogorra eta parekatua izan bazen ere, Peio Etxeberriak oso ondo jokatu zuen eta merezita irabazi zuen.

Finalerdia oso gogor hasi zen, eta nahiko parean joan ziren bi pilotariak. Altuna III.a 5-6 gerturatu zitzaion aurkariari, baina nafarrak bere eguna zuela erakutsi zuen, eta batez ere bere ezkerra erabiliz min handia egin zion amezketarrari. Aldea zabaltzen hasi zen eta 5-12 irabazten iritsi zen atsedenaldira Peio Etxeberria. Argi dago Altuna III.ari irabazi egin behar zaiola, amore ematen ez duen jokalaria baita eta bere dohainak ateratzen dituenean pilotari arriskutsua. Ez zen ondo aritu amezketarra, pilota ez zuen nahi bezala mugitzen eta ez zuen lortu markagailuari buelta ematea.

Bigarren atsedenaldira 8-18 iritsi ziren, eta amezketarra gai izan zen beste tanto bat egiteko, Peio Etxeberria hobeto aritu zen, eta lau tanto segidan eginez lortu zuen garaipena. Altuna III.ak guztira zazpina tanto egin eta galdu zituen, eta Peio Etxeberriak 15 tanto egin eta 2 bakarrik galdu zituen.

Peio Etxeberria hirugarren aldiz jarraian izango da finalean, eta oraingoan aurkaria Javi Zabala errioxarra izango du. Zabalak Ezkurdiari irabazi zion finalerdian. Beraz, finalerdietan faborito ez zirenak elkarren aurka ariko dira finalean. Bestalde, Altuna III.a eta Ezkurdiak elkarren aurka jokatuko dute igandean, Arrasaten, 3. eta 4. postuak erabakitzeko partidan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!