Goitik behera frenoekin

Ataria 2025eko urriaren 25a

Amezketako herriak badu proba berri bat: goitibeherak. Arratsaldean Amezketako Goitibehera Sari Nagusia egin dute, eta herritarrek, beste behin, bertako ekimenekiko prestutasuna eta atxikimendua erakutsi dute. Felix Delgado Garciak irabazi du proba.

Felix Delgado Garcia izan da azkarrena, eta 02.55.377ko denbora behar izan du ibilbidea osatzeko. Bere atzetik, antolatzailea bera Karlos Xabier Solis Rodriguez iritsi da helmugara. Zilarra beraz Solisentzat izan da 02.59.459ko denborarekin, lehenarekiko 4 segundora.

Amezketara bizitzera joandako Karlos Xabier Solisen proposamenez antolatu dute Amezketako Goitibehera Sari Nagusia. Guztira 29 parte hartzaile jaitsi dira Borda Txuri etxetik —San Martindik gora— Sasturain taberna pareraino. 2,6 kilometroko luzera izan du ibilbideak, eta Euskal Herrian egiten den besteekin alderatuta, luzeena da Amezketakoa.

Amezketarrak trebatzen

Solisekin batera, beste bi amezketarrek ere parte hartu dute gaurko Amezketako Goitibehera Sari Nagusian: Eneko Agirre Lasak (03.39735) eta Xabat Estevez Mujikak (05.22.270). Ikusleen txaloak eta animoak ez zaizkie falta izan bi lasterkariei maldan behera.

Erorikoak behin baino gehiagotan ikusi dira Amezketako errepidean; ikusleen kirioak dantzan jarri badira ere, ez da istripu larririk izan. Errepidea bustita, zorua oso irristakorra izan dute parte hartzaileek.

 

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!