Elkarrizketa

«Aralarrera igotzen naizen bakoitzean, beti oso ondo sentitzen naiz»

Imanol Garcia Landa 2025eko urriaren 26a

Joseba Irazusta Amezketan, Behigorri ustialekuan. I.G.L.

Natura eta baserri-giro bila joan zen Amezketara, eta topatu zuen. Herrian ondo hartu dutela dio Joseba Irazustak, eta egunerokoan bere gustuko bi gai uztartzen ditu: kirola eta baserri-lanak egitea. Futbolari ohia, eskola kiroleko arduraduna Zumadi eskolan eta abeltzain aprendiza da lasartearra.

Joseba Irazusta (Lasarte, 1972) orain hamasei urte joan zen bizitzera Amezketara. Aurretik futbolari profesionala izan zen, eta kirolarekin lotura izaten jarraitzen du, herriko eskola kiroleko koordinatzailea baita. Abeltzain aprendiza dela dio, eta Behigorri izena duen ustiaketan highland arrazako behiak ditu.

Nolatan iritsi zinen Amezketara?

Lasarten hazitakoa naiz, baina Bidanian denbora asko pasatakoa naiz, batez ere haurtzaroan. Gurasoak baserrian jaiotakoak dira, ama Bidanian eta aita Abaltzisketan, eta baserria asko gustatzen zait. Txikitatik oso argi nuen aurrena futbolaria eta gero baserritarra izango nintzela. Futbolari kaskarra izatera iritsi nintzen, eta baserritarra naizela esatea gehiegi izango da, baina baserri giroan murgilduta bizi naiz, eta betiko ametsak egi bihurtzen saiatzen ari naiz. Horrek ekarri nau Amezketara. Nire garaiko Lasarte oso erdalduna zen, eta baserri mundua bizirik dagoen herri euskaldun bat nahi nuen. Amezketan ez nuen inor ezagutzen, baina hona etortzeko aukera izan nuen, eta oso gustura nago. Nire bizitzan hartu dudan erabaki onenetakoa da.

Futbolari profesionala bihurtu nahi zenuen txikitan, eta lortu zenuen.

Beno, ez nik nahi nuen tokiraino. Hamabost urterekin selekzioarekin eta Realarekin hasi nintzen, eta hor ematen zuen beste bide serioago bat hartzeko aukera nuela, baina beste askok bezala. 19 urterekin lehen taldearekin debuta egin nuen, baina ez nuen Lehen Mailan jokatzeko mailarik. Espainian hamar urte egin nituen batera eta bestera, eta hemengo taldeetan ere aritu nintzen. Eibarren, Sabadellen, Kordoban, Leonen, Avilesen, Alavesen bigarren taldean... Bigarren Mailan eta Bigarren B Mailan aritu nintzen. Azkenean, 36 urterekin erretiroa hartu nuen.

Zer ikasi zenuen ibilbide profesional horretan?

Etxean bizitzetik kanpora atera nintzen; ondo elikatzeari garrantzia ematen nion eta kozinatzen ikasi nuen. Urte horietan bakarrik bizi izan nintzen, bakarrik moldatu, bizkortu eta gauza asko ikasi nituen. Hainbat profileko jendea ezagutu nuen aldageletan. Ikusi dut proiektuak aurrera atera daitezkeela bakoitzak bere aldetik zerbait jartzen badu, ideologia edo mundua ulertzeko modu ezberdinak izan arren. Izaera eta ideologia ezberdineko pertsonak elkartu gaitezke, eta sinisten dugun gauzengatik borrokatu. Kirolak ere hori erakusten dizu. Zerbait demokratikoa badago mundu honetan, kirola da horietako bat. Berdin du zure gurasoek dirua duten ala ez, azkenean zu hor zaude zure dohainekin bakarrik, mundu guztiaren aurrean, eta horrek bizitzarako balio izan dit. Kirola oso justua dela ere erakutsi dit: zuk duzuna erakusten duzu, eta emaitzak hor dituzu. Epaileen lana ez da hain erabakigarria; hanka sartzen dute, oso lan zaila delako. Egun bateko erabaki txar batek partida bat galdu arazi diezadakezu, baina ibilbide batek daukazuna erakusteko aukera ematen dizu, eta hortxe geratzen da.

Joseba Irazusta Realeko jokalari garaian. ATARIA

Nolakoa zinen jokalari moduan?

Aurrelari bezala jokatu nuen, Realeko azken urtean atzelari bezala aritu arren. Garai hartako futbola ezberdina zen gaur egungoarekin alderatuta. Orduan, defentsa aldetik taldeak gogorragoak ziren; gari hartako epaileek gaur egungoek baino ostiko gehiago ematen uzten zuten, txartelak ateratzea garestiagoa zen, baina moldatzen nintzen. Profesional bezala 165 gol sartu nituen; ez da sekulakoa, baina hor daude. Kalitate teknikoz besteen mailara ez nintzen iritsiko, baina indartsua nintzen futbolari izateko, sekulako gogoa jartzen nuen, eta ilusio latza izaten nuen. Garbi nuen talde kirola zela, eta talderako egin behar zela lan. Orain, askotan umeei hori erakusten saiatzen naiz: talde sendo bat jokalari onak baino gehiago da. Taldea indartu, elkar lagundu, eta talde kirolaren mamia garatzea bultzatzen dut.

Gaur egun kirolarekin lotuta jarraitzen duzu, Zumadiko eskola kirolaren koordinatzailea baitzara.

Sei bat urte daramatzat. Koordinatzailea izateaz gain, talde guztien entrenatzailea ere banaiz. Bi talderekin hasi nintzen, eta ikasturte honetan bost talde aterako ditugu. Saskibaloian, futbolean eta eskubaloian lehiatzen dira, eta hortik kanpo beste hainbat kirol egiten ditugu: piragua, urpekaritza, eskalada, mahai-tenisa, herri kirolak... Umeak gustura daudela ematen du. Eskola kirolean parte hartzen duten umeen portzentajea ehuneko ehuna da gela batzuetan, eta besteetan oso gertu dago. Abaltzisketatik eta Orendaindik umeak etortzen hasi zaizkigu, eta denera 45 haur inguru daude gaur egun. Askotan hirugarren eta laugarren mailako taldeak mistoak izaten dira, eta bosgarren eta seigarren mailan aukera dago mistoa egiteko, baina orain dela urte batzuk nesken taldea ateratzeko erabakia hartu genuen. Talde mistoetan, adin batetik aurrera mutilek beste erritmo bat eta beste indar bat dute, eta neskak atzerago geratzen dira. Uste dut nesken taldea ateratzeko erabakiarekin asmatu dugula: neskak gusturago daude, eta jokoan gehiago hartzen dute parte. Orokorrean, gustura nago eskola kirolean egiten dudanarekin, eta umeak ere horrela daudela dirudi.

«Nesken taldea ateratzeko erabakiarekin asmatu dugu: jokoan gehiago hartzen dute parte»

Asteguneko arratsaldeak eta asteburua beteta izango dituzu, beraz.

Talde bakoitzak ordu eta laurden edo ordu eta erdiko entrenamendua izaten du astean, eta gero larunbatean partiduak edo bestelako jardunaldiak izaten dira. Bestalde, Amezketako pilotako Herriarteko taldeari fisikoki prestatzen laguntzen diet astean behin. Horrekin nahiko entretenituta egoten naiz.

Nola ikusten duzu zuk eskola kirola?

Bi modeloak osagarriak iruditzen zaizkit. Nik uste dut denerako lekua dagoela, profil ezberdinetako haurrak daudela, eta denei lagundu behar zaiela. Ez nuke mugatuko oso lehiakorra den ume bat. Erakutsiko nioke zintzo jokatzen, eta bere burua, taldekideak, entrenatzaileak, epaileak eta aurkariak errespetatuz lehiatzera. Ni ez naiz lehiaketaren aurkakoa. Beste profil bateko umeak ere badaude, eta haiei laguntzeko ere eskola kirola ona dela iruditzen zait. Eskola kirola aukera bat ere izan daiteke lehiakorra denarentzat eta hainbat kirol probatu nahi dituenarentzat. Partidak jokatzen dituztenean, haurren % 80k irabazi nahi izaten dute. Lehiakortasunaren aurka egin baino, lehiatzen erakutsiko nuke nik. Modu sano batean lehiatu daiteke. Bi amonek partxisean jokatzen dutenean irabazi nahi izaten dute. Lehiakorra izatea bizitzaren arlo askotan sartuta dugu, eta niretzako garrantzitsuena da lehiatzen ikastea, gainontzekoak errespetatuz eta zuk irabazteko gogo berdina besteek ere badutela ulertuz. Eskola kirolaren aldekoa naiz, eta baita kirol federatuaren aldekoa ere. Kirol federatua txikitatik ezagutu dut. Realean urte asko eman nituen, eta oraindik beteranoen bitartez beraiekin lotura badut. Uste dut Realak gizon izaten erakusteko oso eskola ona dela. Guri tokatu zitzaigun belaunaldia eta lan egiteko modua aberatsak iruditzen zaizkit, eta uste dut bata bestearekin uztartu daitezkeela.

 

«Lehiakortasunaren aurka egin baino, lehiatzen erakutsiko nuke nik. Modu sano batean lehiatu daiteke»

Eskola kirolean, beraz, futbolaz gain beste kirol batzuk ere menperatu behar dituzu.

Saskibaloia eta eskubaloia ez ditut asko jarraitu izan, eta arauak-eta ikastea tokatu zait. Baina hirurek amankomunean badute zerbait: talde kirolak dira. Lau helburu oso argi ikusten ditut guztietan: zure atea edo saskia talde bezala defendatzea, talde bezala zure aurkariari baloia kentzea, baloia kendutakoan jokalarien artean joko bat sortzea, eta jokaldia bukatzea. Badaude ume batzuk golak sartzen edo jokaldiak egiten onak direnak, eta horiek dira nabarmendu izan direnak, baina badaude beste ume asko talde horrentzako ekarpen asko egin ditzaketenak, eta beraiek ere ez dakite. Gutxiago baloratzen dira, baina zuk erakutsi ahal diezu talde baten parte direla, eta baloi bat lapurtzea edo aurkaria defendatzea gola bezain garrantzitsua dela, bat egiten ez bada, bestea ezin delako egin. Ume horrek sentitzen duenean talde horretan ekarpena egin dezakeela, ume hori garrantzitsua sentitzen da, bere burua baloratzen du. Eta, orokorrean, bizitzan gertatzen den moduan, garrantzitsu sentitzen ez zaren leku batean ez zaude gustura. Garrantzitsu sentitzen zarenean, errazagoa da gustura bizitzea; bai familian, bai lantokian, bai kuadrillan, bai kirolean. Nire helburuetako bat da ume guztiek zelaian ekarpen bat egiten dutela sentitzea, garrantzitsuak direla sentitzea; balio bera ematea baloia lapurtzen duenari eta gola sartzen duenari. Nik horretan sinisten dut.

Joseba Irazustak entrenatzen ditu Zumadi eskolako neska-mutilak. N.R.A.

Kirola egiteak bere eragina du osasunean, harremanetan...

Kirola egiterakoan, haurrei esaten diet gehien gustatzen zaien gauzetako bat egiten ari direla. Horrekin bakarrik ondo pasatzen jakin behar dute. Gero, irabazten badute, are hobeto. Kirolean zoriontsu izateko eskubidea ez du irabazten duenak bakarrik izan behar. Gustuko gauza bat egiten ari zara eta horrekin bakarrik gozatu egin behar duzula iruditzen zait. Bestalde, kirolak behin eta berriz zure lekuan jartzen dizu. Kirolak umiltasuna transmititzen dizu: behin eta berriz galtzen duzu, eta bizitzan galtzen erakusten dizu. Saiatu arren, beti ez duzu helburua lortzen, baina ez duzu frustratuta egon behar, saiatu zarelako eta egin duzun ibilbide horrek satisfazio bat eta harrotasun bat ere emango dizulako. Azken finean, lan bat egin duzu, eta talde kirolek erakusten dizute elkar lagunduz gehiago garela indibidualki baino. Bestela, futbolean beti Messik irabaziko luke, eta ikusten da Messiren aurrean talde sendo bat jartzen baduzu, behin baino gehiagotan irabaziko diozula. Hori bai, diruarekin, beste kontu askotan bezala, gauzak usteltzea erraza da. Baina berezko esentzia orain ehun urte zuenaren antzekoa da.

Herri kirolak sustatzen ari zara herrian. Lehenbizi haurrekin hasi zinen.

Hamalau urte bete dira aurten haurren herri kirol saioa egiten dugula festetan. Ez zen nire ideia izan. Etorri eta segituan herrian ondo hartu ninduten. Festetan herri kirolak egiten aritu ginen: mutilak hasi ginen, eta gero neskak eta mutilak. Hori eten zen, eta ama batek, nirekin trontzan aritu zenak, umeekin hastea proposatu zidan. 21 umerekin hasi ginen, eta urtez urte ume kopurua handitzen joan da. Azken bi urteetan 72 ume aritu dira.

Amezketako sanbartolometan bertako 70 bat haurrek herri kirol erakustaldia egin zuten, Irazustak prestatuta. I.G.L.

Herri txikietan guretik jarri behar dugu ekimenak aurrera ateratzeko. Nik txikitan asko jaso nuen; Bidanian, osabak-eta herri kiroletan ezagutu ditut, eta ikusten nuen festetarako zer lan egiten ziren: basora joan eta enborrak ekarri jeep zahar batekin, plazarako prestatzeko. Festak aurrera ateratzeko jendearen boluntariotza behar zen, eta hortik asko zegoen. Gero, niri tokatu zitzaidan 80ko hamarkadetako giroa, bai gaztetxeetakoa, bai irrati libreena, fanzineak... Jendeak ilusioarekin gauza asko egiten zituen. Festak ere antolatzen ziren, aurrekontuarekin baino imajinazio eta ilusio handiagoarekin. Nik kirol pila bat egin nuen umetan, auzo eta herri mailan, eta uste dut jasotakoa bueltatzen ari naizela. Herri txiki batean garrantzitsua da hori; guk egiten ez badugu... Ez dugu Tolosak edo Donostiak izan dezaketen aurrekonturik. Jende asko dago Amezketan gauza asko egiten dituenak, askotan ikusten ez direnak, eta garrantzi handia du egiten duten lana.

Haurren kirol saioa asko errotu da festetan.

Bai, egia da. Tarteka etortzen zait aita edo ama bat, eta esaten dik semeak esan diola aurtengo udaran oporretara ezin dutela joan, herri kirolak entrenatu behar dituelako. Grazia egiten du, baina badago atzean zerbait hori esatera bultzatzeko. Serio hartzen dute, eta gainera profil guztietako haurrek lekua dute: lehiakorra ez dena, atletikoa ez dena... Denei laguntzen zaie, eta denek errepikatzen dute; gustura daude, eta hori da beraiek eta bere gurasoek transmititzen dutena. Ni asko betetzen nau. Ume zalea naiz eta kirol zalea, eta biak uztartzeko aukera izaten dut.

Herriko hainbat emakume ere animatu ziren herri kirol saioa egitera. Irailaren 13an izan zen.

Nik ez dut inon ezagutu 40 urte inguruko emakumeak, langileak, baserritarrak, talde bezala kirola egiten. Emakumeak herri kiroletan parte hartzera animatzeko beraien atzetik ibili beharra zegoen. Azken bi urteotan lata pixka bat ematen aritu naiz, eta animatu dira, eta nola animatu gainera. Bigarren entrenamenduaren ondoren, esan nien pentsatzen nuena baino garrote gehiago zegoela, eta merezi zuela pixka bat estutzea; plazan lana ikusiko zela, eta jendea harrituta geratuko zela. Sekulako jarrera izan dute, eta udaran lanerako denbora atera dute. Izetarengana, Zarautzera, lau aldiz joan gara; harri jasotzen asko lagundu digu eta materiala utzi digu. Bi aldiz bertan behera geratu ziren entrenamenduak, belarretara joan behar izan genuelako; hori ere Amezketako kulturaren barruan sartzen da. Saioa pasada bat izan zen, eta beraien meritua izan da. Nire lana izan da hori egiteko gai zirela sinetsaraztea. Askok ziurgabetasun momentuak izan dituzte, baina erakutsi dute zertarako gai izan diren: harri bat edo trontza bat sekula ukitu ez eta horrelako erakustaldia ematea.

Zer esan zuten protagonistek?

Oso gustura zeuden. Ikusi zuten zer lan egiteko gai ziren entrenamenduetan, eta gero plazara ateratzeko ziurgabetasun hori zuten, entrenamenduetan egindakoa gero plazan erakusteko gai izango ote ziren. Azkenean, eztanda moduko bat izan zen. Horrelako lan polita egin zuten, horrelako txalo zaparrada jaso zuten, euforia puntu batekin bukatu zutela. Jendea harrituta geratu zen, ez zuelako espero horrelako erakustaldia ikustea, zerbait apalagoa espero zuten. Jendeak txalo egin zuen hogei kirolari on sekulako lana egiten ikusi zuelako.

Errepikatzeko asmoa duzue?

Momentuz hilean behin entrenatzeko geratu gara, eta gustuko litzaiguke beste herri bateko emakume batzuekin lehiatzea, plazan desafio bat egitea. Baina, beti ere, giro onean. 40 urte inguruko profil honetako emakumeak topatzea ez da erraza izango. Prest egongo ginateke edozein herritako edo elkarteko kideri laguntzeko, trontzan eta harri jasotzen erakusteko, eta haiekin batera honekin jarraitzeko. Beraz, gonbidapena eginda dago.

Amezketako emakumeek herri kirol desafioa egin dute herriko plazan joan den irailean. I.T.

Naturarekin eta baserri giroarekin lotura izatea zen Amezketara etortzeko arrazoietako bat. Bide horretan, highland arrazako behiak dituzu.

Haragitarako dauzkat, eta Internetez saltzen duen bati saltzen diot nik haragia. Gehigarri bat da. Libre izaten ditut, Aralarren pasatzen dituzte urteko hilabete asko, eta astean bi aldiz Aralarrera joaten naiz. Ia beti oinez noa, eta Aralarren orduak pasatzen ditut. Amezketak aukera eman dit mundu honetan gehien maite ditudan gauzak bizitzeko, modu naturalean. Eskolan saiatu ziren futbolari eta baserritar izatearena niri burutik kentzen. Euren asmo onenarekin egingo zuten ziur aski, baina balioa kentzen zieten nire ilusio horiei. Kasu gehiegi ez nien egin, eta bi gauzek oso gustura bizitzeko aukera eman didate.

Zergatik highland arrazakoak?

Irazusta highland arrazako behiekin etxe bueltan. I.G.L.

Kanpoan ibili izan nintzen urteetan gauza asko ikasi nituen. Baserriko familia handia dut, eta beti, kanpoan jaiotako txahala ukuiluan sartu da. Han lotu, pentsua eman, eta hiltegira joan arte, handik atera gabe egon da. Kanpoan ibiliz geroz haragi hori gogorra jarriko zenez, ukuiluan uzten zen grasa sortzeko, txahal hori samurra izateko. Kordoban (Espainia) bi argentinarrekin jokatu nuen, eta hamabostean behin erretegi uruguaitar batera joaten ginen. Niri haragi hori asko gustatzen zitzaidan, eta ikasi nuen Argentinan eta Uruguain animaliak libre izaten zituztela. Kilo gutxiago hartzen zituztela ukuilukoak baino, baina berezko grasa zutela eta haragiarekin nahasten zela grasa hori. Ingalaterran talde batekin aritu nintzen, eta han jatetxe batera joan ginen, ondo jateko kapritxoz. Kartan irakurri nuen % 100ean larrean hazitako haragia jartzen zutela aukeran, eta garestiagoa zela. Ezjakinak egin ohi du komentario aldrebesena, eta pentsatu nuen ingeles horiek ez zekitela jaten, eta gure herrian ez zuela inork jan nahiko horrelako haragia. Eta justu nik orain ditudan behien arrazako haragia zen. Gizentze prozesua makalagoa du, baina oso toki hotzekoak eta berezko grasa asko duen animalia da. Hauei mugitzea komeni zaie, eta grasa hori haragiarekin nahastu egiten da, bere ezaugarrietako bat emanez. Oso haragi sanoa da, kolesterol gutxikoa, eta oso zaporetsua. Orduan komentario hori egin nuen, eta orain hamabost buru ditut Behigorri izeneko ustiaketan. Gero, hortik aparte ditut oiloak, oilaskoak, ahateak, fruta-arbolak, sagastiak, intxaurrondoak, gaztainondoak...

 

«Oso haragi sanoa da, kolesterol gutxikoa eta oso zaporetsua»

Aralarrera joaten zarenean naturarekin konektatzen duzu?

Bai, noski. Aralarrez ezagutzen nuena Txindoki eta San Miguel inguruak ziren, baina futbolaren kontuarekin mendian ibiltzeko aukera gutxi izan nuen. Aralarren mendira joan nintzen lehenengo egunean, halako zerbait sentitu nuen, sekula sentitu ez dudana. Milaka tokitan ibili naiz, eta hemen aurreneko aldiz sentitu nuen sustraiak lur honetan zabaltzen ari zitzaizkidala, eta oso garbi izan nuen nire lekua aurkitu nuela. Aralarrek badu energia bat, badu zerbait... Horra gora igotzen naizen bakoitzean, beti oso ondo sentitzen naiz. Uste dut herrian oso ondo hartu nautela, orokorrean baloratua eta maitatua sentitzen naiz, eta uste dut zentzu horretan zortea duen pertsona bat naizela.

Highland arrazako behiak Aralarren. ATARIA

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!