Lursailen mugak GPS bidez jasotzen ari dira

Ataria 2025eko urriaren 6a

Udalerriko 1. eta 4. poligonoetako landa lurretako mugen digitalizazioa jarri du martxan. GPS bidez ari dira jasotzen, eta iaz 2. eta 3. poligonoak egin zituzten.

Amezketako Udalak landa lurretako mugak GPS bidez jasotzen jarraituko du. Iaz 2. eta 3. poligonoetako mugak jaso zituzten eta, orain, 1. eta 4. eremuetakoak jasoko dituzte. Ekimena martxan jartzea erabaki zuten lursailetako jabeen bata besteko adina altua delako eta mugen ezagutza «galtzeko arriskuan» zegoelako.

Udalak jakinarazi du lanak «behar bezala garatzeko» ezinbesteko baldintza dela jabeen laguntza izatea, besteak beste, mugakideekin lursailen mugak adostu beharko dituztelako: «Lanen emaitza bezala plano pertsonalizatuak emango zaizkie titularrei, lursailen mugak eta koordenatuak zehaztuz. Gainera, zuzenak ez badira, katastroko mugak zuzenduko dira».

Jendaurreko hitzorduak
Informazioa jasotzeko bi hitzordu egingo dituzte urriaren 16an: lehena 11:00etan; eta, bigarrena, 17:00etan. Biak ala biak Pernando Amezketarra Kultur Etxeko Areto Nagusian izango dira, eta horietara bertaratzerik ez dutenek Amezketako Udalaren Arreta Zerbitzuan dagokien dokumentazioa jaso ahal izango dute, bileraren hurrengo egunetik aurrera, herritarren harretarako ordutegian, 08:00etatik 15:00etara; eta 644 987 086 telefonora deitu azalpena jasotzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!