Festa hasiera hunkigarria

Ataria 2025eko urriaren 4a

Atzo iluntzean hasi ziren Ugarteko festak. Festa batzordeak aurten zendutako Nekane Goikoetxea omendu nahi izan du. Goikoetxea tabernako nagusiari bertsoak kantatu, loreak eskaini eta 'Nekane zure txokoa' plaka jarri zioten frontoiaren goialdean.

Amezketako Ugarte auzoko festen hasiera txupinazoa eta kanpai jotzearekin batera hasi zen atzo arratsaldean. Jarraian, umeen gozamenerako, buruhandiak ibili ziren auzoan barrena, haur eta gaztetxoen korrikaldiak eraginez. Triki-poteoa Lajabi eta Lurtxundiorekin egin zuten herritarrek. Eta behin denak frontoian eserita zeudela, herri afaria hasi aurretik, omenaldiaren unea iritsi zen.

Festa batzordearen izenean, Juanito Iribarrenek mikrofono aurrean, Nekane Goikoetxea omentzeko tenorea hartu zuen: «Hutsune handia sentitu dugu; babes handia eskaini zigun Nekanek Ugarteko jaietan; esate baterako, bere kontura izaten ziren trikitilarien otorduak, bertso-poteoan barra gainean jartzen zizkigun lehen mondejuak, eta baita igande eguerdiko mondeju goxoak ere. Eta nola ez, astelehen eguerdian, mimo handiz prestatzen zigun paella goxoa, festen balorazioa egiteko aitzakia polita izaten genuen».

Honetaz gainera, Ugarteko ingurutxoa dantzarekiko zuen zaletasuna ere goraipatu zuen festa batzordeko kideak: «Nahiz eta festetan oso lanpetuta ibili, igande arratsaldean, hutsik egin gabe gerturatzen zen frontoiko goialdera, ingurutxoaz gozatzera». Honela, Nekane Goikoetxeak ingurutxoa ikusten zuen barandan bertan, omenaldi plaka jarri zioten, Nekane zure txokoa idatzita. Plaka agerian uztearekin batera, txalo zaparrada entzun zen Ugarteko frontoian.

Jarraian, Gotzone Zubillagak eta Iñaki Amundarainek, festa batzordearen izenean, bertsoak kantatu zituzten Nekane Goikoetxearen omenez: «Lehen aldiz aurten zu gabe, baina/ seguru gaude orain'e/ zauden lekutik guri laguntzen/ ari zerala, Nekane».

Eider Amundarain, Nekaneren alaba, oholtza gainera igo zen orduan, eta txalo zaparrada artean lore-sorta eta bertsoa bera oroigarri gisa jaso zituen opari. Eskerrak emateko baliatu zuen unea: «Gure etxeko guztien partez eskerrik asko festa batzordeari; amak gustura hartuko zuen, bizirik bazen, seguru ez zela hemen afaltzen egongo, tabernan egongo zen, lanean». Utzitako hutsuneari ere erreferentzia egin nahi izan zion Eider Amundarainek: «Hutsune handia uzten dute joan direnek, hutsune horrekin bizitzen ikasi egin behar da, eta gogoan ditugu azken urtean Ugarten joan diren beste herritarrak, baita aurretik joandakoak ere. Orduan, falta diren guzti horien omenez, festa onak pasatzea desio dugu».

Umeen egunean murgildurik

Atzoko festaren ajeari aurre eginez, gaurkoan ere festa giroak segida izan du Ugarten. Goizean auzoko haur eta gazteen pilota partidak izan dira lehian. Ikusleek partida berdinduak gozatu dituzte, eta sari-emate unean pilotariek kopak jaso dituzte, nork eta Jokin Altuna txapeldunak emanda.

Festak ez du etenik izango bihar artean:

GAUR

  • 11:00. Herriko gaztetxoen pilota partidak.
  • 12:30-14:30 eta 16:00-19:00. Puzgarriak.
  • Arratsaldean. Zaldian ibilalditxoak, Ugarten barrena.
  • 16:00. Keparen Oroimenezko III. Mus Txpaleketa, Ugarteko elkartean.
  • 17:30. Txokolatea bizkotxoekin, elkartearen aurrean.
  • 21:00. Zahagi-ardoa.
  • 22:30. Ansorregi ta Larrañaga eta Izer eta Alabier-ekin erromeria.

 

BIHAR

  • 11:00. Herriko gaztetxoen pilota partidak.
  • 12:30-14:30 eta 16:00-19:00. Puzgarriak.
  • Arratsaldean. Zaldian ibilalditxoak, Ugarten barrena.
  • 16:00. Keparen Oroimenezko III. Mus Txpaleketa, Ugarteko elkartean.
  • 17:30. Txokolatea bizkotxoekin, elkartearen aurrean.
  • 21:00. Zahagi-ardoa.
  • 22:30. Ansorregi ta Larrañaga eta Izer eta Alabier-ekin erromeria.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!