Mondejua eta ardoa protagonista, beste urte batez

Aitor Arroyo Askarai 2025eko urriaren 8a

Amezketako azokan mondejua postu batean. LEYRE CARRASCO

Larunbatean egingo dute Mondeju&Ardo azoka. Guztira, 9 mondeju postu eta 6 upategi egongo dira. Janari postuez gain, ikuskizunak eta haurrentzako jarduerak ere antolatu dituzte.

Larunbatean, hilaren 11n, Mondeju&Ardo Azoka egingo dute Amezketan. Hirugarren edizioa du aurten, eta bederatzi mondeju eta sei ardo dastatzeko postuak jarriko dituzte. Protagonista nagusiak horiek izango badira ere, zabalagoa izango da larunbateko eskaintza.

Eguna artzain txakurren erakustaldiarekin hasiko dute 10:30ean, Jauregi Handiko zelaian. Iaz antolatu zuten lehenengoz erakustaldia eta «arrakasta ikusita» aurten ere errepikatzea erabaki dute antolatzaileek. Horren ondotik, azokarako txartelak saltzen 11:30ean hasiko dira, eta ordu berean zabalduko dute haurrek jolas egiteko eremua.

Postuak 12:00etan zabalduko dituzte eta mondeju pintxoak zein ardoak dastatzeko aukeraz gain, ardi-gisatua eta gazta jateko aukera izango da aurten ere.

Zenbait nobedade
Mikel Arteaga alkateak azaldu du «batik bat» bi plan mota identifikatu dituztela: «Batzuk goizean etorri, pintxo pare bat jan eta bazkaltzera etxera joaten dira. Beste batzuk, berriz, horiez gain gisatua eta gazta ere jaten dituzte, eta horrela bazkaldu eta egunpasa egiten dute».

Horri lotuta prestatu dute aurtengo berrikuntzetako bat, hain zuzen, postu horien ondoren kafea eta pastak ere banatuko baitituzte «otordua eta plana borobiltzeko». Hori gutxi ez, eta aurten zuzeneko musika ere izango da: Eingo taldeak girotuko du azoka.

Emaitzak jasotzen
Mondejua egitea eta jatea belaunaldiz belaunaldi transmititzea da ekimenaren helburuetako bat, eta emaitzak dagoeneko ikusten dituztela kontatu du Arteagak: «Urtez urte gazte batzuk mondejua egiten hasi direla ikusi dugu, beraz, nolabait ari da helburua betetzen». Eta zentzu horretan nabarmendu du Amezketakoak izango direla mondeju postu guztiak.

Alkateak kontatu du dagoeneko «neurria hartu» diotela ekimenari: «Lehen edizioan jende asko etorri zen, eta iaz are gehiago. Formatuak arrakasta duenez, errepikatu egingo dugu berrikuntza txiki horiekin». Aurten ere antzeko emaitza espero dutela aurreratu du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!