elkarrizketa

«Orokorrean gustura aritu gara»

Aitor Arroyo Askarai 2025eko urriaren 1a

Urkiri eta Jauregi, San Martingo etxolako arduradunak. A. ARROYO ASKARAI

Irailarekin batera bukatu du jarduna San Martingo etxolak. Joan den asteburua izan du azkena zabalik, eta agurtzeko festa ere egin zuten.

Izaro Urkiri (Alegia, 2001) eta Gaizka Jauregi (Bedaio, 1992) lehengusuek kudeatu dute aurten Amezketako San Martingo etxola. Amaitu dute denboraldia eta joan den astean egin zuten agurtzeko festa. Etxolako leihoa itxita, esperientzia nolakoa izan den kontatu dute bertan dituzten gauzak jasotzeko eta garbitzeko lanetik atseden hartuta.

Zer moduz joan da uda?
Jauregi
: Uda ondo joan da, oso gustura aritu gara. Eguraldia portatu dela esango nuke, eta baita jendea ere. Jende asko etorri zaigu, batzuetan baita gehiegitxo ere [barrez]. Baina, orokorrean ondo; oso gustura. 
Urkiri: Uztailean eguraldi okerxeago izan dugu, baina abuztuan oso ona. Abuztuan sekulakoak egin ditu. Irailaren bukaera aldera iluntzean nabaritzen da tenperatura freskoagoa, baina bestela ondo. 

Zuek gustura aritu al zarete?
Biak aldi berean:
Bai!
Urkiri: Ordu asko dira, eta momentuaren arabera erritmoa bizia da. Baina orokorrean gustura aritu gara. 
Jauregi: Egun batzuk luze samar joan dira; batetik, betiko lana eta, gero, hau. Baina ondo aritu gara, gustura. 

Ingurutik jendea gerturatu al da?
Jauregi: Bai, bai. Amezketatik eta Bedaiotik erantzun oso ona izan dugu; eskerrak eman behar dizkiegu. Eta, gero, Alegiatik-eta ere etorri dira. Jende asko mugitu da. 
Urkiri: Beste urte batzuetan gehienak bertakoak zirela esango nuke, eta orain eskualdeko beste lekuetatik ere ari da jendea etortzen. 
Jauregi: Jendea, agian, etxolaren edo lekuaren berri orain ari da izaten. Gehienei asko gustatzen zaie lekua. 

Tarteka «jende gehiegi» ere izan dela aipatu duzue.
Jauregi: Bai, egun batzuetan... Uf. Iluntze batzuetan, ostiraletan eta larunbatetan, afaltzeko garaian... Dena emanda ibili gara. 
Urkiri: Egunez bero handia egin eta iluntzean freskatzen bazuen... Hor jende asko etortzen zen. Asko nabaritzen zen. 

Argaia Goenako postua izan duzue ondoan. Ondo moldatu zarete?
Jauregi: Bai, bai; asko lagundu du horrek ere. Berak ixten bazuen asko nabaritzen zen. Amezketako festetan, adibidez, itxita eduki zuen; eta hona ez zen ia inor etorri afaltzera. Asko nabaritzen da, bai. 

Hemen jarduna ia erabat baldintzatzen du eguraldiak.
Urkiri: Uztailean tarte batzuetan itxi genuen, baina...
Jauregi: Itxi-itxi, ez dugu askorik egin: egunen bat edo beste. Gehiago zen goizean beranduxeago irekitzea, eguraldia justu-antzean zebilelako. 

Eta aurten, lehenengoz, bi toldo izan dituzue.
Jauregi: Horrek ere asko lagundu du; fabore handia da. Uholdeak izan ziren hartan hementxe geunden, toldo azpian sartuta eta 'uf, ederki ari du' esaka. Ez genekien behean zer ari zen gertatzen...
Urkiri: Gero itxi eta behealdera abiatu ginenean... [esaldia airean uzten du, begiak nabarmen zabalik]. Baina toldoak asko egiten du, bai. Albo batetik ere ixteko aukera ematen du, eta horrek haizea kentzea ere ahalbidetzen du.

Ostalaritzan ez duzue lehen esperientzia. Ondo moldatu al zarete barra barruan?
Jauregi: Hasieran pixka bat kosta zitzaigun... Baina astebeterako hartu genion neurria, eta... Beharko! [barre txikiarekin].
Urkiri: Batek baino gehiagok esan digu martxa hartu berritan utzi dugula [barrez]. Baina ez, ondo aritu gara eta gustura. Nahiko ondo moldatu gara. 

Festa pare bat ere antolatu dituzue.
Jauregi: Bai. Irailaren erdialdera egin genuen jaialdi bat, eta eguraldiak ere lagundu gintuen. Orduan ere jende asko gerturatu zen, asko. 
Urkiri: Gauean ere kontzertua izan genuen eta... Jende asko zen, bai. Eta itxiera festako bazkarian ere, jendeak oso ondo erantzun zuen. 

Datorren urtera begira hasi al zarete erabakirik hartzen?
Urkiri: Niri bi lanak batera uztartzea nekagarria egin zait [erdi barrez].
Jauregi: Momentu honetan baiezkoa esango dizut. Baina aurrerago ikusiko dugu zein egoeratan gauden... Bakarrik ezin da hartu, hori ziur. Ezezkorik ez dut esango, baina baiezkorik ere ez [barrez].

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!