Ikusmina sortu du emakumeen herri kirol erakustaldiak

Ataria 2025eko irailaren 13a

Sanmar sound 2.0 jaiaren barruan, herriko emakumeek herri kirol erakustaldia egin dute eguerdian plazan, eta jende ugari gerturatu da.

Sanmar Sound 2.0 jaia ari dira egiten gaur Amezketan. Eguna hasteko, eguerdian, herriko emakumeek herri kirol erakustaldia egin dute plazan. Azken hilabeteetan, 30-40 urte inguruko herriko emakumeak entrenatzen aritu dira, «eguneroko errutinatik ateratzeko eta elkarrekin kirola modu atsegin eta lasai batean egiteko». Bada, gaurkoan praktikan jarri dute aurrez prestatutakoa. Bi taldetan banatuta, harri jasotzen, trontzan, txingan, lokotx biltzen nahiz korrika aritu dira. Lehia estua izan bada ere, kiroltasuna gailendu da azkenean.

Erakustaldiaren ondoren, trikipoteoa egin dute herriko tabernetatik, giroa berotzen jarraitzeko, eta ondoren, San Martinera joan dira bazkaltzeko. Bertan jarraituko du festak arratsaldean, Angry Lovers taldearen kontzertuarekin, Zahagi Sagardoarekin eta Hauek taldearen kontzertuarekin.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!