Sanmar Sound 2.0 ekimena antolatu dute lehen aldiz Amezketan. Bihar, larunbata, hilaren 13an izango da, eta eguerdian hasi eta gauera bitarteko egitaraua prestatu dute antolatzaileek, «musika, herri kirolak eta giro paregabea uztartuz».
Egunari hasiera emateko, 12:00etan, herriko emakumeek izango dute protagonismoa emakumeen herri kirol erakustaldiarekin, herriko plazan. Ekitaldi berezi honek herritar baten ideian du abiapuntua. 30-40 urte inguruko emakumeei —gehienak amak eta kirola egiteko ohitura handirik ez zutenak— zuzendutako deialdi batek elkartu zituen, «eguneroko errutinatik ateratzeko eta elkarrekin kirola modu atsegin eta lasai batean egiteko». Bide horretan sortu da larunbatean egingo den emakumeen herri kirol erakustaldia, herriko plazan. Antolatzaileek esan dutenez, ez da ohiko lehiaketa bat izango, «baizik eta elkarrekin gozatzeko eta ikusgarritasuna emateko saio bat, emakumeek espazio publikoa eta kirola partekatu dezaten».
Erakustaldiaren ondoren, trikipoteoa egingo dute herriko tabernetatik zehar, giroa berotzen jarraitzeko. Arratsaldean festak San Martinen jarraituko du ondorengo egitaraurekin:
- 14:30ean, bazkaria.
- 19:00etan, Angry Lovers taldearen kontzertua.
- 20:30ean, Zahagi Sagardoa.
- 23:00etan, Hauek taldearen kontzertua.
San Martinen kanpatzeko aukera ere izango dela jakinarazi dute antolatzailek.