Amezketako jaiak 2025

Momentu dibertigarri ugari eta hunkigarri bat

Ataria 2025eko abuztuaren 22a

Hainbat lehiaketa egin dira gaur arratsaldean Amezketako festetan, eta tartean Joseba Larreta 'Latu' gogoan izan dute.

Lehiaketa bereziak izan dira gaurkoan Amezketako festetan. Arratsaldean II. Barttolin txapela txapelketa egin dute, eta Euken Fernandez herritarrak irabazi du, 18,15 metro jaurtiz txapela. Berez 40 ziren izen emandakoak, baina azkenean 24 parte hartzailek bota dute. Izan ere, parte hartzen ari ez zen pertsona batek txapela busti du, eta orduan hurrengo parte hartzaileak urrutirago botatzeko aukera izan du. Ez da baliotzat eman, eta hortik aurrera, aurrekoentzako baldintza berberak ezin zirelako bermatu, ez du beste inork parte hartu ahal izan. 

Mozorro lehiaketaren sari banaketa izan da ondoren. Aurretik, horrela nahi izan dutenek plazaren erdian desfilea egin edo ikuskizunen bat egiteko aukera izan dute. Batzuk animatu dira, eta giro ederra jarri dute, kantuen eta dantzen bidez. Epaileek egunean zehar ikusi dituzte mozorroak eta lehen hirurak hauek izan dira: Kin Afrika, Tragabolas eta Koinoaren Kalea.

Mozorro lehiaketaren sari banaketaren aurretik, Eneko Goitia eta Julen Goñi atera dira plazara, epailez eta pailazoz jantzita. Maiatzean zendu zen Joseba Larreta Latu-ri omenaldia egin nahi izan diote. Hirurak batera ateratzen ziren mozorrotuta, eta une horiek gogoratuz, bertso bat abestu diote, eta ondoren puxika erraldoi batzuk aireratzen utzi dituzte. Tartean, minutu batez txaloak jotzeko eskatu diete plazan elkartu diren herritarrei, eta oso une hunkigarria izan da. Omenaldia amaitzeko, bertsoa eta argazkiak zituen oroigarri bat eskaini diote Latu-ren familiari eta bere anaia Aritzek jaso du.

Bazkaltzeko orduan ere izan da lehiaketarik, paella prestatu baitute. Guztira hamabost parte hartzaile izan dira, eta irabazleak Eiar eta Sagas izan dira. Bigarren Mikel Goñi sailkatu da eta hirugarren Karlos Xabier.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!