Saguzarren mundua gertutik ezagutzeko aukera

Ataria 2025eko ekainaren 13a

Saguzarren Gaua antolatu dute ekainaren 20an, eta horiei buruzko azalpenak eman eta behatzeko ibilbidea egingo dute.

Amezketako Udalak, Buruntzunzin Mendi Elkarteak eta Zumadi Eskolak, elkarlanean, Saguzarren Gaua antolatu dute. Ekainaren 20an, ostirala izango da, eta helburua herritarrak saguzarren garrantziaz jabetzea eta haien inguruko informazioa modu atsegin eta praktikoan ezagutzea dela azaldu dute. «Saguzarrak funtsezkoak dira naturan oreka mantentzeko, eta ekimen honen bidez, haien inguruko uste okerrak gainditu nahi dira», esan dute.

Bada, saguzarren mundua gertutik ezagutzeko, ekitaldia bi zatitan banatuko dute. Hasteko, Jon Fontelak saguzarrei buruzko azalpen interesgarriak emango ditu: nolakoak diren, zer jaten duten, zergatik diren onuragarriak eta nola lagundu diezaiekegun. Eta, ondoren, ibilaldi gidatua egingo dute herriko hainbat gunetan barrena –Pello Zabala gunea eta zentralaren inguruak barne– saguzarrak entzuteko eta behatzeko asmoz. Ultrasoinu-detektagailuen laguntzaz, haien deiak entzun eta espezieak identifikatzen saiatuko dira.

Saguzarren Gaua hurrengo ostiralean, ekainaren 20an egingo dute. Amezketako plazan elkartuko dira 21:30ean, eta linterna bat eramatea gomendatu dute. Antolatzaileek esan dutenez, herritar oro dago gonbidatuta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!