Amaitu dute saneamenduaren eta bidegorriaren lehen fasea

Ataria 2025eko ekainaren 12a

Aldundiak, Gipuzkoako Urak-ek eta Amezketako Udalak 4,63 milioi euroko inbertsioa duen proiektu estrategikoa bultzatu dute.

Amezketako mugikortasuna eta natura-ingurunea eraldatuko dituen saneamendu eta bidegorriaren proiektu integralaren lehen fasea amaitutzat eman dute.

Jose Ignacio Asensio Jasangarritasuneko diputatuak azaldu duenez, «jarduera honek mugarri bat jartzen du Amezketarako. Uraren kudeaketa hobetzen dugu, ibaiak berreskuratzen ditugu eta urrats sendoak egiten ditugu mugikortasun eredu osasungarriagoa eta jasangarriagoa lortzeko».

Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatuak ondorengoa adierazi du: «Ongizate integralaz ari garenean, mugikortasunaz, konexioaz, segurtasunaz, osasunaz eta aisialdiaz ere ari gara. Bidegorri hori, hain zuzen ere, helburu horrekin garatu da: Amezketako biztanleen bizi kalitatea hobetzea, udalerriaren barne konektibitatea erraztuz, herritarren benetako premietara egokitutako irtenbide jasangarrien bidez».

Mikel Arteaga Amezketako alkateak esker oneko hitzak izan ditu proiektuan parte hartu duten guztientzat.

Inaugurazio ekitaldian Leire Artola ere izan da, Gipuzkoako Ur Kontsortzioko presidentea.

Lehen fasea

Proiektuaren finantzaketan lau erakunde eta sail horiek parte hartu dute, bakoitzak milioi bat euro inguru jarriz. Amezketako Udalak, adibidez, 1.101.251,62 euro jarri ditu.

Inaugurazio ekitaldian azaldu dutenez, «lehen fase horri esker, ur beltzen kolektore nagusi berri batetik 3.100 metro eta bigarren mailako adarretatik 300 metro egin ahal izan dira. Gainera, Ugarte urez hornitzeko eroanbidea berritu da, 1.800 metro lineal hodi berrirekin eta suteen aurkako hiru ur-hartune instalatu dira. Ugarte auzoa ere gas azpiegituraz hornitu da, esku-hartzea aprobetxatuz».

Bidegorriari dagokionez, 1.750 metroko luzera dauka eta 3 metroko zabalera. Amezketako herrigunea Ugarte auzoarekin lotzen du. Txirrindularientzako eta oinezkoentzako bide horrek argiztapena, seinalizazioa, hesiak eta balizak ditu, eta azaldu dutenez, «nabarmen hobetzen ditu udalerriaren barneko mugikortasuna eta konektibitatea».

Bigarren fasea

Bigarren fasea oraindik gauzatzeko dagoela azaldu dute. Saneamendu-sistema Ugartetik Alegiaraino luzatuko luke. Horrela, Oria erdialdeko hodi biltzailearekin lotuko litzateke, hondakin-uren kudeaketa zentralizatua ahalbidetuz Adunako Uraldeko araztegian. Fase horretan, Abaltzisketako isurketak ere jasoko lirateke, baita Errotaldekoak, Larraitz auzokoak eta Beistin auzokoak ere, Alegian. 

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!