elkarrizketa

«Oso ondo hasi gara lanean eta jarraitzeko gogoz gaude»

Aitor Arroyo Askarai 2025ko eka. 4a, 11:59

Izaro Urkiri eta Gaizka Jauregi, San Martingo etxolako arduradunak. A. ARROYO ASKARAI

Aurten Gaizka Jauregi eta Izaro Urkiri lehengusuek kudeatuko dute San Martingo etxola. Iazko eskaintza mantenduko dutela aurreratu dute, eta badute berritasun bat ere: bi toldo jarri dizkie udalak.

Gaizka Jauregi (Bedaio, 1992) eta Izaro Urkiri (Alegia, 2001) lehengusuek kudeatuko dute etxola, eta «prest» daude datorrenari heltzeko.

Zein egunetan izango duzue zabalik?

Gaizka Jauregi: Ekainaren 20ra arte, San Joanak arte gutxi gorabehera, asteburuetan bakarrik zabalduko dugu. Ostiraletan 15:00etatik 23:00etara; eta larunbatetan eta igandeetan, berriz, 11:00etatik 23:00etara. 

Ekainaren 20tik aurrera, berriz, astelehenetan itxi egingo dugu, baina hortik aurrera, astean zehar 15:00etatik 23:00etara zabalduko dugu, eta larunbatetan eta igandeetan ordutegi bera.

Izaro Urkiri: Abuztuan, goizetan ere zabalik izango dugu. Hilabete horretan ordutegia 11:00etatik 23:00etara izango da. Hori da plana. Gero, ordea, eguraldiaren arabera ere moldatuko gara. Iragarpena kaskarra bada eta astelehenean, ona; ireki egingo dugu. 

Zer eskainiko duzue?

Jauregi: Iazkoaren antzekoa izango da eskaintza: kafea, freskagarriren batzuk, edariak, izozkiak... Eta aurten ere ondoan izango du postua Argaia Goena baserriak. Aurten ostiral eta larunbat iluntzeetan emango dute zerbitzua, eta baita igande eguerdietan ere. Igandeetan aurten zabalduko du lehenengoz.

Joan den urtean pintxo-potea egiten zuten. Zuek ere asmorik baduzue?

Jauregi: Bai, badugu asmoa, behintzat. Guk ere ostegunetan egingo dugu; berdin mantentzea da asmoa.

Horrez gain, kultur ikuskizunak eta jarduerak ere prestatu izan dituzte. Zuek ere antolatuko dituzue?

Urkiri: Intentzioa badugu. Mota askotako hitzorduak antolatuko ditugu: mus-txapelketak, kontzertuak, umeentzako jolasak....

Jauregi: Hori da. Bertso saioak, zinema edo pelikula proiekzioren bat egitea ere pentsatzen ari gara... Gutxi gorabehera iazkoaren haritik tiraka, antzeko zerbait.

Ba al dago beste nobedaderik?

Jauregi: Bada, bai! Aurten bi toldo jarri ditu udalak. Orain arte ez zeuden, eta egia esan oso ondo etorriko zaizkigu. Iaz eguraldiak ez zuen asko lagundu: euri lanbro moduko bat izan zen asko udan, eta... Hotzik ez, baina kanpoan egoteko ere ez zen egokia. Eta aurten eguraldi horren aurrean, toldoekin behintzat tarte gehiago edukiko dugu etxola irekitzeko eta lan egiteko. 

Nolatan erabaki duzue etxola hartzea?

Jauregi: Beste urteetan inguruan ibili gara. Nik, behintzat, hemen pasa nuen ia uda guztia. Alkateak behin baino gehiagotan esaten zidan nik hartu beharko nuela hurrengo urtean. Eta, egia esan, tentazio puntu bat ere sentitzen nuen. Izarok ere aipatu zidan probatuko lukeela ostalaritza, eta azkenean pausoa eman dugu.

Esperientziarik ba al duzue?

Jauregi: Nik bai. Bedaion aitak eta izebak ostatua kudeatu zuten denboraldi batez eta garai hartan urtebetez edo aritu nintzen, baina sukaldean batik bat. Jendaurrean lehen aldia izango da.

Urkiri: Nik, berriz, lehen esperientzia izango dut.

Nolako uda aurreikusten duzue?

Urkiri: Eguraldi ona egiten badu, jendea gerturatzen da; asko samar, gainera [barrez]. Nik hori espero dut, baina, betiere, eguraldiaren arabera izaten da.

Jauregi: Hori da, hemen eguraldiak asko baldintzatzen du. 

Zerk egiten du berezi San Martingo etxola?

Jauregi: Udako egun beroetarako oso leku aproposa da. Giroa hobea izaten da, epelagoa. 

Urkiri: Ikuspegia ere sekulakoa da. Ingurua oso polita da eta bertan mahaiak ere badaude lasai egon ahal izateko. Umeentzako ere sekulako lekua da. 

Jauregi: Oso toki herrikoia ere bada. Amezketako jende asko etortzen da, asko. Kanpotik ere gerturatzen da jendea, baina bertatik asko. Giro lasaia izaten da, konfiantzazkoa. 

Urkiri: Aralarren eta Txindokiren ikuspegi zoragarria dago bertatik. Berezia da lekua.  

Bedaiotar eta alegiar bana, Amezketako etxola kudeatzen.

Jauregi eta Urkiri: [Barrez]. 

Jauregi: Bedaiotarra bai, baina txiki-txikitatik ibili naiz beti Amezketan. Eskolan, kuadrilla ere Amezketakoa... Asteburuetan ere denbora gehiago pasatzen dut Amezketan, Bedaion baino. Gutxi gorabehera bertakoak bezala gara, nahiz eta Bedaiokoak beti izango garen Bedaiokoak [barre txikiarekin].

Urkiri: Nik ere familia Bedaiokoa dut, lehengusuak gara biok... Eta nik ere koadrilla Amezketakoa dut; asko jotzen dugu bertara. Denbora asko pasatzen dugu Amezketan [barrez]. 

Zer moduz joan da lehen asteburua?

Jauregi: Bada, nik uste aurreikuspenak bete ditugula. Eguraldia nolakoa izan den kontuan hartuta... Ziurtasun handirik gabeko giroa izan dugu, eta jendeak ondo erantzun du.

Urkiri: Ostiralean, tamalez, ireki eta laster ekaitza hasi zuen eta kanpoan zegoen jendeak alde egin behar izan zuen... Udaletxeak jarritako toldoen azpian geratu zen jendea, horiek oso ondo funtzionatu zuten eta babes handia eman ziguten. Baina, tamalez, ekaitza sartu zenez alde egin zuen jendeak. Dena dela, gustura geratu ginen. 

Eta larunbatean?

Urkiri: Egunean zehar jende asko izan genuen. Baina afalostean ere euria hasi zuen eta... Jendea azkar erretiratu zen. Igandean, berriz, ez zegoen oso giro onik eta jende gutxiago ibili zen. Dena dela, telebista jarri eta pilotako partida ikusten ere geratu zen jendea. Azkenean itxi egin genuen, baina orokorrean oso gustura gaude. 

Hasiera hitz gutxitan labur beharko bazenute?

Jauregi eta Urkiri: Oso ondo hasi gara lanean eta jarraitzeko gogoz gaude.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!