Zer topatuko du irakurleak?
Gerturatzen denak topatuko ditu geruza ezberdinak, horietan gelditzeko aukera eta istorioa bere egitekoa. Album ilustratu bat da, eta ez du hitzik. Nire lagun batek esaten duen bezala: hitzik gabekoa da, baina ez, horregatik, mutua; irudien bitartez kontatzen du istorioa. Sagu petral bat bizi da auzo batean, eta pentsatzen du bizilagunen haurrek bere tapaki preziatua puskatu diotela; hor hasten da istorio bat, zeinak festa bat izaten bukatuko duen.
Zergatik erabaki duzu hitzik gabe egitea?
Irudiak egiten trebatu naiz eta errazago moldatzen naiz horretan. Liburuaren hasieran halako gonbidapen bat dago idatzita, eta hurrengo guztia hitzik gabe dator, kontatzen dena irudiek kontatzen dutelako.
Nola eragin du horrek istorioa osatzeko garaian?
Album batean hitzek eta irudiek elkar osatzen dute: biek egiten dute bat. Hemen irudia bakarrik dagoenez, hausnarketa sakonago bat egon da nola irudikatu erabakitzeko, istorioa ondo ulertarazteko. Bilatu behar izan ditut beste errekurtso batzuk, testurik ez nuelako.
Lehen esaldia gonbidapen bat da, hau da, irakurtzeko ariketa bera proposatzen da, ipuin batean sartzera doala jakinarazten zaio, testurik egongo ez bada ere.
Eta irakurleari eragin liezaioke horrek?
Lehen beldurra da irakurleak hasi bai, baina ez bukatzea; liburua alboratzea, testurik ez duelako.
Hitzik ez izateak, ordea, ahalbidetzen du liburuan denbora gehixeago pasatzea. Ez duzu testua berehala irensten, ez dago hitzen eta irudien berehalako asoziaziorik; irudia bakarrik duzunez lan edo denbora pixka bat gehiago eman lezake zer gertatzen ari den ulertzeak. Hori ikaragarri aberasgarria da, pertsona adina interpretazio egon baitaitezke.
Bi aldi horiek ditu: batetik, ona da irakurleak, agian, gehiago mamituko duela liburua; baina, kontrara, aukera eman egin behar zaio.
«Album ilustratuak esku artean erabiltzeko zerbait dira; behin eta berriz bisitatu daitezkeen istorioak»
Nori zuzenduta sortu duzu liburua?
Edonori, albumak prestatzen ditudanean ez dut adinengan pentsatzen. Lehen irakurketan ez da informazio guztia barneratuko; baina, nire ustez, album ilustratuak esku artean erabiltzeko zerbait dira, behin eta berriz bisitatu daitezkeen istorioak. Saiatu naiz denentzat ulergarriak diren gakoak erabiltzen: aurpegi keinuak, gorputz adierazpenak... Egon daitezen, baita ere, intuizioz edo oharkabean egiten diren irakurketak ere. Lehen irakurraldian ez dute dena barneratuko, baina edonorentzat da egokia.
'Behin eta berriz bisitatu daitezkeen istorioak' aipatu dituzu. Zer esan nahi du horrek?
Nik horrela ulertzen ditut album ilustratuak. Bat erosi eta etxera eramaten duzunean ez da apalean uzteko, baizik eta begiratzeko, esku artean izateko, berriz ere hartzeko... Testua izaten da batetik; irudia, bestetik; eta bien arteko emaitza, azkenik. Egun batean arreta arlo batean jar dezakezu, hurrena beste batean... Behin eta berriz har daitekeen zerbait da.
Istorioan pertsonaia asko gerturatzen dira. Haien arteko elkarrizketak begiratu daitezke, eta horiekin entretenitu. Ez sekulako istorioak kontatzen dituztelako, baizik eta halako pieza batez gozatzeko asmo hutsez. Etekin bat bilatu beharrik gabe.
Istorioko protagonistak ez dira pertsonak. Zergatik erabaki duzu hori?
Saguak daude bertan. Errekurtso bat da niretzat animaliak erabiltzea eta ez pertsonak; ezberdintasunak irudikatzeko koloretako saguak sartu ditut, besteak beste. Neure buruari egindako opari bat ere izan da istorioa basoarekin eta saguekin irudikatzea. Gustuko nituen liburuak gogoan hartuta egin dut, eta horretan jo dut nire txikitako gustuei keinu egitera.
Kultura aniztasuna dago oinarrian. Nondik dator hori lantzeko interesa?
Ideia bidaia batetik etorri zen. Lagun batekin Mexikora joan nintzen, eta banekien handik tapaki eta mantel bana ekarri nahi nituela, hain zuzen, hemen daukaguna [barrez, keinu egiten dio kolore askotako oihalari].
Horrela hasi nintzen hausnartzen nola Mexikon —horren urruti— artisau bati erosten diozun zerbait, eta nola etxeraino ekarrita etxea apainduko duen. Eta zeinen interesgarria den etxea betetzen zaizunean —etxe eta bete hitzen zentzu askotan— beste herrialdeetako gauzez, jakintzez, esperientziez... Gerora sortutako lan honen hazia izan zen ideia hori.
Beste berezitasun bat da dena —istorioa eta marrazkiak— zuk sortu duzula.
Bertigo eta beldur gehixeago sentitzen duzu dena zerorrek egitean. Kontakizun osoa ulergarri eta eskuragarri zuk bakarrik egin behar duzu. Gero, proiektu pertsonalak direnez eta norberaren baitatik ateratzen direnez, ez dago hainbesteko presarik lana entregatzeko. Beraz, denbora gehiagoz eta lasaiago landu dezakezu.
Bertigo puntu bat ere ematen du, ordea; bakarrik senti zaitezkeelako. Zure baitara bilduta egiten duzu lan eta hor zalantzak ere sortzen dira. Zure ustez zerbait osoa egiten ari zara, baina jendeak nola jasoko ote duen... Beldur horiek sortzen dira.
Aukeratu beharko bazenu dena zure kabuz egin edo besteen hitzetatik abiatuta marraztearen artean, zein izango litzateke erabakia?
Ez dakit erantzunik ba ote dudan ere; esperientzia ezberdinak dira oso. Interesgarria da dena zure kabuz egitea: hari narratiboa pentsatu, egituratu... Edo beste baten hitzen akuilu izan. Biak dira oso interesgarriak.
Modu analogikoan egiten duzu lan, hau da, paperarekin, margoekin... Eta hautu propio bat omen da.
Jende askok esan izan dit ea nola litekeen hainbeste denbora eskaintzea irudi bati. Baina horrela pasatzen dut ondo. Ordenagailuekin uzkurtu egiten naiz, trabatu; fisikoki eta zentzu guztietan [barrez].
Zortzi ordu eskaini behar badizkiot egunean, bada, gehiago gozatzen dut eskuzko ariketa. Baita materiala ere: papera, tenpera, koloreak eskuz nahastea... Elkarrizketa edo harremana zuzenago sentitzen dut. Tresna digitalak ere ez ditut erabat ondo menperatzen; askoz hobeto moldatzen naiz eskuz. Digitalki egiten ditut beharrezko lanak, baina... Esango nuke azkarrago aritzen naizela eskuz, ordenagailuz moldatuko nintzatekeena baino.
Gaur egungo testuinguruan geratzen al da lekurik paperarentzat?
Bada, ez dakit [barrez, neke antzera]. Batzuetan pentsatzen dut ea zertan ari ote garen. Azkenaldian entzuten ari naiz irakurzaletasuna itzultzen ari omen dela edo... Espero dut horrela izatea. Garai batean esaten zuten liburu digitalak erabat ezabatuko zuela paperezkoa, desagerrarazi egingo zuela; eta hori ere ez da gertatu.
Egia da ez dela lehia erraza. Produktu digitalak askoz errazago irensten dira, dena dago pentsatuta eta prestatuta estimulatzeko, pentsatu gabe kontsumitzeko eta... Baina honek mugitzen gaitu, eta erresistentzia egin diezaiogun, pixka bat bada ere.
Hainbat lan argitaratu dituzu dagoeneko. Nolako bilakaera sumatzen duzu zeure buruarengan?
Urteekin trebatu naiz eta, orain, gauzei irtenbidea errazago aurkitzen diet. Nabaritzen dut trebakuntza hori, eta eguneroko lanean asko eskertzen dut. Hasieran martxan jartzea gehiago kostatzen zitzaidan, zalantzek ez zidaten aurrera egiten uzten. Begia ere trebatu eta zoliagoa bihurtzen da. Eta oraindik ere asko dut ikasteko, asko.
Oraindik ere, liburu bat bukatu berritan, hasieratik egingo nuke berriz; beti topatzen dut zer hobetu. Baina hurrengorako hartzen dut kontuan, eta horrela egiten dut hobera, pixkanaka. Edo horrela sentitzen dut, behintzat. Horrek ere gehiago gozatzera eramaten nau, azkenean, erosoago sentitzen bainaiz.