Trafiko seinaleak errespetatu egin behar direla ohartarazi du Amezketako Udalak

Ataria 2025eko ekainaren 3a

Berritu dituzten lurreko zenbait seinale, herrigunean. AMEZKETAKO UDALA

Hainbat trafiko seinale berritu ditu Amezketako Udalak, eta horiek errespetatu egin behar direla gogorarazi du.

Duela aste batzuk herriguneko hainbat errepidetan lurreko seinalizazioa berritu zuten Amezketan. Horren harira gogorarazi dute marra horidun guneetan eta debekatutako beste espazio batzuetan aparkatzeak oztopatu egiten duela oinezkoen, bizilagunen eta mugikortasun urriko pertsonen irisgarritasuna eta segurtasuna.

Zentzu berean gehitu dute debekatuta dagoela, baita ere, zenbait garajeren aurrean aparkatzea. Eta hari berari tiraka nabarmendu dute autobusaren joan-etorriak betiko ibilbidera itzuli direla dagoeneko, eta gidariak askotan topatzen dituztela oztopoak herri barruan, hain zuzen, gaizki aparkatutako ibilgailuak.

Arreta Zubeldianerako errepide zatian
Amezketako Udalak adierazi du Ogi-berriko dendatik Zubeldianerako errepide zatian zebra-bide bat dagoela eta ume askok zeharkatzen dutela gunea; eremu arriskutsutzat jo dute «batez ere» gaizki aparkatutako autoek ikusgaitasuna oztopatzen dutela-eta.

Segurtasuna hobetzeko asmoz, lurreko seinalizazioa egokitu dute eta, horretarako, distantziak handitu eta ikusgarritasuna hobetzeko neurriak hartu dituzte. «Hala ere, jendeak behar ez den tokietan aparkatzen jarraitzen badu, aldaketa horiek ez dute bere helburua beteko. Horregatik, puntu hau bereziki azpimarratu nahi dugu, umeen eta oinezkoen segurtasuna arriskuan jar daitekeelako».

Erreserbatutako aparkalekuak
Era berean, udaletik nabarmendu dute ezinbestekoa dela elbarritasuna duten pertsonentzat erreserbatutako aparkalekuak errespetatzea: «Aparkaleku horiek ezinbestekoak dira pertsona horiek modu autonomoan mugitu ahal izateko, eta horiek okupatzea eskubide urraketa larria da».

Halaber, auto gidariei seinaleak, arauak eta eremu guztiak «zorrotz errespetatzeko» dei egin diete: «Debeku hauek ez betetzeak isunak eta bestelako neurriak ekar ditzake».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!