Zer moduz zaude?
Nekatuta oso. Oraindik ordu gutxi pasa dira. Atzoko [herenegungo] ospakizuna gustukoa izan nuen, omenaldi oso polita egin zidaten plazan. Berandu hasi genuen festa eta berandu bukatu nuen, eta orain iruditzen zait gorputza nekatuta daukadala, baina gau aldera gehiago izango dudala uste dut. Bestalde, irabazita azkarrago osatuko naiz.
Finala bukatu berritan, esaten zenuen ez zenuela sinisten. Orain bai?
Pixkana bai. Momentuan dena hain azkar pasatzen da... 15-19tik 22-19ra ez dakit zenbat denbora izan zen, baina atsedenaldi guztiak gastatu genituen eta oso azkar joan zen dena. Bukatu eta ez duzu bakarrik egon eta dena asimilatzeko denbora. Jendea gainean, elkarrizketak, sari banaketa... Momentu horietan nahi izaten dut aldageletara joan eta bakarrik egon. Gaur [atzo] ezberdina izaten da. Elkarrizketak egin eta hasten zara asimilatzen. Denborarekin gehiago baloratzen dituzu gauzak. Marka ikaragarria da atzo egindakoa, eta horrelako partida jokatuta gainera. Eduki dudan partidarik gogorrenetakoa da, iruditzen zait sekulako partida egin genuela, eta oso kontentu nago.
Nondik atera zenuen azken zatirako indar hori?
Beti izan naiz horretan temoso samarra, eta partida guztiko nire pilotakada onenak, luzeenak eskuinekin ere, azkeneko tantoetan izan ziren. Zati handi batean berak agindu zuen, eta ni ibili nintzen atzeraka korrika, eta bukaeran buelta eman nion, alderantziz izan zelako. Agintea zeinek hartzen duen alde handia izaten da, eta bukaeran pilotakada guztiak gorputz eta arima jo nituen.
Bereziki indar mentala izan zen?
Iñakik sekulako partida egin zuen, baina nik egin nituen 22 tanto. Horrek esan nahi du nire ustez ni hobea izan nintzela. Partida asko daude partida baten barruan, eta partida horien guztien ondoren iristen zara 22ra. Hasieran nire alde izan zen, baina ez nintzen bereziki ondo sentitzen. Biok nahiko lotuta geundela iruditzen zait, mugimenduz-eta nahiko makal. Ni 10-3 nengoen aurretik eta berak huts egin ondoren lortu zuen tantoa, eta hori ez bazuen egin, agian jarriko nintzen 11-3. Beraz, detaile pila bat daude final batean. Bera nagusi ikusten zen partida erditik aurrera, baina nire meritu handiena izan zen denbora guztian bi-hiru tantora egotea.
Zure buruarekin konfiantza izatea da gakoa?
Berak ere bere buruarekin konfiantza handia erakutsi zuen. 10-3koari sekulako konfiantzarekin eman zion buelta. Nik Iñaki ezberdin bat ikusten dut, askoz indartsuagoa da zentzu guztietan, eta aurrerapauso handia ikusi diot. Nik momentu zailenetan ondo eutsi nion, eta horrek eman zidan indarra.
Aitari eskaini zenion txapela, eta gero Joseba Larreta 'Latu' izan zenuen gogoan.
Poza beti hartzen duzu, baina atzo sekulako poza hartu nuen. Atzo sentitu nuena bukatzerakoan... Momentuan ez duzu sinesten, egia esan, eta jende askorekin gogoratzen zara. Aita eta arreba han zeuden eta beraiengana joatea etorri zitzaidan burura; ama etxetik bultzaka, beti bezala, eta familiarentzako eta egunerokotasunean nirekin dagoen jendearentzako izan da.
'Latu'-ren txapela hartu zenuen finala bukatuta.
Noski. Bera bidelagun aparta izan da. Txapelketa hasi baino hilabete lehenago zuntz haustura izan nuen hankan eta fisioterapeutarengana egunero bueltaka ibiltzen nintzen, eta egunero laguntzen zidan, entrenamendu guztietara... Pena izan da bera ez egotea, eta bere familiaz gogoratu nahi nuen.
Iñakiren jokotik zerbaitek ezustean harrapatu zintuen?
Ez, banekielako oso erasokor jokatuko zuela. Berak ez bazuen erasokor jokatzen, bazekien ez zuela irabaziko. Partida asko jokatu ditugu eta bere irakurketak egiten ditu; berak kolpe gehiago du, baina atzera bakarrik joz ez dit irabazi. Banekien aurrera joko zuela, eta dena perfektu bukatzen zuen. Bere ahal guztiari gehitzen badiozu horrela bukatzea, nik uste dut pilotari on batetik pilotari oso-oso on bat izatera pasatzen dela. Eta finalean horrela izan zen.
Momenturen batean finala galduta zegoela pentsatu zenuen?
Ez, galduta inoiz ez. Zaila bai. Ikusten duzunean gehiago izaten ari dela baina hiru tanto baino gehiago ez dizula alde egiten, berak ere kezka izango zuen, gehiago izan arren ez zidalako alde egiten.
Orain oporretara zoaz. Zertarako duzu gogoa?
Orain, deskonektatzeko gogoa dut, indarrak hartu, eta horrenbeste hustu zarenean, mentalki eta fisikoki, deskantsatu eta gose hori pixka bat berreskuratzeko. Gose faltarik ez dut inola ere, baina orain bai nagoela hustuta, eta ondo etorriko zait osatzeko.
Lau txapel buruz burukoan, lau eta erdikoan lortutakoak adina.
Egia da. Pilotan egin dudan markarik handiena nire ustez lau eta erdiko finalera zortzi urtez segidan iristea izan da. Buruz burukoan guztira sei final jokatu ditut, eta hori ere ikaragarria da. Baina atzera begira geratzerik ez dago, eta gehiagoren bila joango naiz.
Zeure burua ikusten zenuen buruz buruko sei finaletan?
Hasi nintzenean batez ere binaka ikusten nuen nire burua. Niretzako zailena binakakoa da, eta urte guztian zehar, nire ustez binaka nabarmentzen naiz gehien. Baina txapel bakarra dut binaka. Niretzat erronka bazen noizbait banaka txapeldun izatea. Entzuten nuenean pilotari artista nintzela eta hori falta zitzaidala, horrek motibazioa ematen zidan hobetzeko. Baina 29 urterekin lau edukitzea, nik ez nuen espero inola ere.
Eta bi irabazi dituzu segidan.
Bai, hori ere marka handia da. Eta, zergatik ez, hirugarrenarekin amestuko dugu.
Artolaren portaera nabarmendu duzu.
Oso erraza da irabazten duzunean atsegina izatea, baina Iñaki atsegina da irabazten duenean eta galtzen duenean. Horregatik jendeak hainbeste maite du, eta ez bakarrik Alegian. Horrez gain, bi afizioek frontoian jarritako giroa nabarmenduko nuke. Pilotak horrekin irabazi egiten du. Askotan ikusi ditugu bestelako giroak, eta nire ustez zaleek sekulako maila eman zuten finalean. Eta ez denean horrela, esan eta kritikatu behar da.
