Saneamendu lanen hobekuntzak eta Zumadi eskolako egoera aztertu dituzte

Ataria 2025eko maiatzaren 29a

Amezketako Udaleko eta URA agentziako kideak. IREKIA

Zumadi Eskolaren inguruan uholdeek eragin dezaketen kaltea murrizteko proiektuaren egoera eta beste zenbait gai aztertu dituzte.

Amezketako Udalak eta URAk bilera egin dute udalerriko saneamendua hobetzeko eta Zumadiko Eskolaren inguruan uholdeek eragindako kalteberatasuna murrizteko proiektuen egoera aztertzeko.

Udalak ikastetxearen kalteberatasuna murrizteko hainbat neurri aztertu ditu, eta eraikinen egungo erabileretan aldaketak egitea proposatu du, segurtasuna areagotzeko beste neurri batzuez gain.

Saneamendu lanen bigarren fasea
Horrez gain, Amezketako saneamendu lanen bigarren fasearen «egutegia zehazteko beharraz» ere hitz egin dute, Amezketako Ugarte auzotik Alegiaraino gaur egungo azpiegitura-fase horrek «etxebizitza edo jarduera ekonomiko berrien garapena baldintzatzen» duela-eta.

Bileran parte hartu dutenek aipatu dute «aldi baterako irtenbideak» aztertu dituztela: «Behin betiko konponbideak beste erakunde publiko batzuen parte-hartzea ekarriko badu ere, aldi baterako irtenbideak aztertu dira saneamendua hobetzeko, eta hirigintza-garapen horietako hondakin-uren tratamendu egokia bermatzeko».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!