Altuna III VS Artola _ Buruz Buruko Finala 2025

«Txapelik preziatuenaren bila goaz; hau guretzako ez da festa egun bat»

Imanol Garcia Landa 2025eko maiatzaren 28a

Final berezia izango da Jokin Altunarentzat, aurkaria oso gertukoa duen Iñaki Artola delako. Amezketarentzat eta Alegiarentzat ere berezia izango da, baina berak festa giroa finalaren ondorenerako uzten du.

Buruz Buruko Pilota Txapelketako seigarren finala jokatuko du igandean Jokin Altunak (Amezketa, 1996). Dagoeneko hiru irabazita ditu, eta lehen mailan jokatuko duen hamaseigarren finala izango da.

Beste final bat, beste elkarrizketa bat. Ez zara aspertzen, ezta?

Ez, ez; oxala oraindik urte asko pasatzea horrelaxe. Notizia ona izango litzateke; gustura nago berriro final batean izanda.

Nola bizitu duzu finalera iristerainoko bidea?

Ez da erraza izan, hasieran kosta egin zitzaidan. Lehenengo partidan egurra jaso nuen, eta gero astebetera hil edo biziko partida nuen. Partida horrek asko eman zidan, eta aurrean izan nuen aurkaria kontuan hartuta, gai izan nintzen irabazteko eta horrek sekulako konfiantza eman zidan. Ondoren, azken bi partidak ondo atera zaizkit. Oso ondo sentitu naiz, eta orain finalaren zain nago, ondo prestatzen eta ilusioz gainezka.

Final guztiak dira bereziak, baina hau are bereziago, Artolaren aurka izanda?

Noski baietz. Partida latza da, ondoko bi herrikoak, oso gertukoak. Ez da batere erraza, eta kostako da errepikatzea horrelakoa bi herrietan. Beti esaten dena: pilota asko gustatu behar zaizu, gero maila izan behar duzu, debutatzeko aukera izatea ez da erraza eta banakako final bat jokatzea Amezketa eta Alegia bezalako herrientzat gauza handia da. Final oso polita da, jendeak asko gozatuko du, eta ea final on bat ikusten duten. Ni saiatuko naiz dena ematen eta ea partida handi bat egiten dudan.

Orain lau urte Artolak ezin izan zuen jokatu finala. Pena hartuko zenuen...

Orduan pena handia, eta handiena Iñakik hartu zuen. Niri ez zait gertatu, baina oso gogorra izan behar du finalera iritsi eta minagatik ez jokatzea. Baina iruditzen zait egoerari buelta ondo eman ziola, eta orain berriz aukera dugu finala jokatzeko. Askotan ez dakizu, eta kirola horrela da: gutxien espero duzunean, berriz ere finala jokatzeko aukera iristen da. Egun polita izango da, eta ilusio handiarekin nago: finala ez da egunero jokatzen eta egun handia izaten da.

Amezketarentzat eta Alegiarentzat ere berezia izango da, esan duzun moduan.

Ni nire eguneroko gauzetan kontzentratuta nago, eta nik nire inguruan dagoen giroa zein den dakit. Alegian zer giro dagoen ez dakit zehazki, baina ziur giro berezia dagoela, eta finaleko egunean ziur goiz-goizetik giro polita bizituko dutela bi afizioek. Amezketan Iñaki asko ezagutzen dute, eta Alegian ni ere bai. Jendearentzat iruditzen zait hori ere berezia eta polita dela. Iñaki saiatuko da ahal den ondoen kontzentratzen partidarako eta ni ere bai; azkenean, sari handia da, eta biok dena ematera joango gara.

Faboritoaren etiketa zuretzako da, orain arte lortutako txapelengatik, eta jokatu duzun finalerdia ikusita, are gehiago.

Faborito zein den diruak markatzen du, frontoian, eta ni ateratzen banaiz ez daukat inongo arazorik hori onartzeko. Faborito baldin banaiz, gauzak ondo egin ditudalako da, eta berriz ere saiatuko naiz ondo egiten. Kontziente naiz, faborito izanda ere, ez dudala beti irabazi. Askotan izaten naiz faborito, baina badakit partida oso ona egin behar dudala aukerak izan nahi baditut. Eta buru-belarri horretan kontzentratuta nago.

Ondo ezagutzen duzu Artola, baita Gorkak, zure botileroak, ere. Beraren aurka nola jokatu garbi izango duzue, beraz.

Finala delako askotan gauzak magnifikatu egiten ditugu, baina askotan jokatu dugu elkarren aurka, bai bikoteka, bai lau eta erdian, eta baita buruz buru ere. Final berezia izango da jendearentzat eta guretzat ere bai, baina finalari aurre egiteko momentuan askotan aurkari handiena norbera izaten da. Uste dut Iñakiren kezka handiena bere jokorik onena ateratzea izango dela, eta nik nirea. Saiatuko gara biok dena ateratzen kantxan. Partida prestatuko dugu, baina garrantzitsuena nire jokoa ateratzea da, aurrekoan egin nuen bezala, eta Darioren aurka egin nuen bezala. Horri ematen diot garrantzia eta hori egiten badut aukerak izango ditut.

Aurkaria hain gertukoa izatea okerragoa da final baterako?

Ez da partida berria niretzako. Finala da baina 22ra jokatzen den partida da, eta askotan jokatu dugu elkarren aurka. Alde horretatik biok dena ematera joango gara. Ez naiz ari gauza horietan pentsatzen; jendeak izango du goizetik joateko ilusio hori, baina hau guretzako ez da festa egun bat. Gu urteko txapelik preziatuenaren bila goaz, eta dena ematera joango gara. Behin bukatuta, festa eta afariak izango dira, baina hau guretzako partida garrantzitsua da eta ni horretan enfokatuta noa.

Laugarren txapela lortuz gero, Atano III.a, Beloki eta Olaizola II.aren pare jarriko zara.

Sekulako ilusioa egingo lidake laugarren txapela irabazteak, ikaragarria litzateke. Baina lorik ez dit kentzen horrek, zentratuta nago entrenamenduetan eta lanean, eta irabazten badut ederki ospatuko dugu. Inguruan nabaritzen dut ilusioa, nire gertukoengan, baina ilusio handiena egiten dit beraiek baloratzen dutela egunerokotasunean saiatzen naizena. Final handi bat egin nahi dut, final hori aurrera atera eta ea lortzen dudan.

Ibilbide profesionaleko zure momenturik onenean zaudela uste duzu?

Ez dakit. Hamaika urte egitera noa profesionaletan, eta iruditzen zait era guztietako momentuak izan ditudala: onak, ez hain onak, eta nahi dudana da hor goran segitzea ahal dudan urte gehien. Nire helburu handiena hori da, badakidalako hor goran baldin banabil, batzuetan ondo aterako dela, beste batzuetan ez, baina bidea badakit zein den. Eta dena emango dut hor segitzeko.

Txapel bat irabaztea baino zailagoa, hor goran mantentzea da?

Noski. Txapelketa bati aurre egiten diozunean, denok helburu bera daukagu, baina helburu txikiak ere badaude. Binakakoan gertatu zitzaidan ez ginela play-offetara pasa, eta hor hartzen duzu kolpea eta horrek ematen dizu min gehiago, segituan kanpoan geratzeak. Kirola horrela da eta denerako prest egon behar da.

 
 
 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!