Amezketako San Martingo etxola bihar zabalduko dute

Aitor Arroyo Askarai 2025eko maiatzaren 29a

Gaizka Jauregi eta Izaro Urkiri, San Martingo etxolako kudeatzaileak. A. ARROYO ASKARAI

Ostiralean zabaldu eta udako asteetan emango dute zerbitzua. Aurten, lehenengoz kudeatuko dute Gaizka Jauregi eta Izaro Urkiri gazteek.

Bihar ekingo dio aurtengo denboraldiari Amezketako San Martingo etxolak. Estreinakoz kudeatuko dute Gaizka Jauregi (Bedaio, 1992) eta Izaro Urkiri (Alegia, 2001) gazteek, eta datorrenari heltzeko «prest» daudela aipatu dute.

Inauguraziora begira, «azken ukituak» prestatzen ari direla kontatu dute: «Eguraldi ona iragarrita dago eta luntx bat ere prestatuko dugu. Ea jendea etortzera animatzen den». Aurten, gainera, bi toldo jarri ditu Amezketako Udalak etxolaren ondoan.

Ordutegiari dagokionez, momentuz, asteburuetan soilik izango dute zabalik eta ekainaren 20tik aurrera, berriz, asteko egun guztietan irekiko dute etxola —astelehenetan izan ezik—. Iaz bezala, aurten ere pintxo-potea ostegunero egingo dute, betiere, eguraldiaren arabera.

Proposamen osatua
Joan diren urteetan bezala, izozkiak, gozokiak eta hainbat zizka-mizka eskainiko dituzte eta ondoan izango dute, beste urte batez, Argaia Goena baserriko postua. Jatekoa eskainiko dute bigarren horretan, besteak beste, hanburgesak; eta aurten, lehenengoz, igande eguerdietan ere emango du zerbitzua.

Aipatutakoaz gain, udako egunetarako kultur eskaintza ere prestatzen ari direla aurreratu dute arduradunek, besteak beste, haurrentzako jolasak, bertso-saioak eta zuzeneko emanaldiak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!